Victor Lasak hamar etxebizitza berritik zazpi babestuak izatea proposatu du
Elkarrekin Donostiak ere 2026ko udal aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztu dio.
Victor Lasa eta Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiaren zinegotzia, udaletxeko prentsa aretoan.Elkarrekin Donostia Oposizioko alderdiak ez daude konforme EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak aurkezturiko 2026ko udal aurrekontuen zirriborroarekin. Elkarrekin Donostiak ere osoko zuzenketa aurkeztu dio, proposamenak “hiri gero eta garestiagoa, injustuagoa eta etorkizunik gabekoa” islatzen duelako.
Victor Lasa bozeramaileak azaldu duenez, Donostiako etxebizitzaren arazoa inoiz baino larriagoa da: “Salmenta prezio ertainak metro koadroko 6.000 euro gainditzen ditu, eta alokairua metro koadroko 18 euroan dago. Egoera honek gazteak eta familia langileak hiritik kanporatzen ditu. Bitartean, udal gobernua beste alde batera begira dago”.
Oinarrizko neurri sozialen alorrean, Lasak proposatu du etorkizuneko hirian eraikiko diren hamar etxebizitza berritik zazpi babestuak izatea. “Neurri honek parke publikoa handitzeko, espekulazioa geldotzeko eta etxebizitzarako eskubide eraginkorra bermatzeko aukera emango luke”, azaldu du bozeramaileak.
Udal gobernuaren aurrekontuak dituen beste gabezia batzuk ere seinalatu ditu Lasak: “Trantsizio ekologikoari, berdintasunaren aldeko politikei eta nazioarteko lankidetzei garrantzia handiagoa eman beharko lieke udal gobernuak. Aurrekontuaren %2 baino gutxiago aurreikusi dute klimaren aldeko jardueretarako. Bestalde, zerbitzu publiko garrantzitsuak pribatizatzen jarraitzen dute, eta politika fiskal oso atzerakoiak mantentzen dituzte”.


