Bera Berak hiru goleko abantaila izango du
Donostiako eskubaloi taldeak Frantziako Dijon hartu du mendean, Europa ligako QR3 kanporaketaren joanekoan (22-19).
Bera Berako neskak Dijonen kontrako garaipena ospatzen.Bera Bera Ligan bezain ongi aritu nahi du Bera Berak Europa ligan. Horretarako, QR3 kanporaketa gainditu beharko dute, eta lehen urratsa egin dute. Larunbatean, Dijon frantziarren kontrako joaneko partida jokatu zuten Gaska kiroldegian, eta hiru goleko aldearekin irabazi zuten (22-19). Abantaila hori itzulerako neurketarako nahikoa izan daiteke, baina defentsako lan ona egin beharko dute. Datorren igandean izango da norgehiagoka frantziarren pistan, 17:00etan.
Futbolean, Realeko neskek hirugarren garaipena jarraian lortu zuten atzo, Espanyolen zelaian (2-3). Ez zen partida erraza izan txuri-urdinentzat, ezta jokatu duten onena ere. Ordea, garaipenen inertziarekin daude, eta beste hiru puntu batu zituzten. Horri esker, sailkapen nagusiko bigarren tokian jarraitzen dute. Realeko mutilek, berriz, berdindu egin zuten Elxen zelaian, pasa den ostiralean (1-1). Txuri-urdinak ez ziren batere fin ibili, baina azken minutuetan adierazitako aldeko penalti bati esker, berdintzea lortu zuten. Lau partida galdu gabe daramatzate, eta ligako etena jaitsiera postuetatik kanpo pasatuko dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek bolada onaz harago maila duela erakusten ari da. Ostiralean, Estudiantes hartu zuten mendean beste partida txukun bat jokatuta (82-70). Ligako lehen bost taldeak berdinduta daude, eta tartean dira donostiarrak bost garaipenekin eta porrot bakarrarekin. Bestalde, Gipuzkoa Basketek erakusten ari den ezina berretsi zuen Illunben, Mallorcaren aurka (65-71).
Belar hockeyan, Realak behar zuen garaipena eskuratu zuen larunbatean, Zubietan. Sardinero talde kantabriarrari irabazi zioten (2-0), eta sailkapeneko zulotik irteten laguntzek baliagarria izango da.
EMAITZAK
Eskubaloia
Europa liga, Q3 kanporaketaren joanekoa
- Bera Bera 22 – Dijon 19
Futbola
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Espanyol 2 – Reala 3
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Elx 1 – Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Ibaeta Basket 82 – Estudiantes 70
Gizonezkoen bigarren maila, 7. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 65 – Mallorca 71
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Reala 2 – Sardinero 0


