Etxekoez inguratuta hasi da hegan Beleren bigarren diskoa
Lagun artean abiatu da Bele proiektuaren bigarren lana. Muturrez zerura da lanaren izenburua, eta “DIY or Die” aldarrikapenarekin irekitzen da; alegia, zuk zeuk egizu filosofiarekin. Honela, Lide Hernandok berak autoekoiztu du lana, berak argitaratu eta berak eskuz egindako fanzine batean bildu. Iñigo Etxarri musikari eta ekoizlea izan du, oraingo honetan ere, bidelagun.
Tabakaleran izan da hitzordua, eta Hernandok azaldu duenez, ekitaldi irekia zen arren, “oso gertuko” jendeari bidali dio gonbidapena, giroa etxekoa izan zedin. Eta halaxe izan da. Izen-abizenez ezagutu zitzakeen Hernandok bertara hurbildu diren 60 bat lagunak, eta horrek, konfiantza giro beroa osatu du.
Eta hala ere, urduritasuna ere nabaritzen zen, lan berri bat aurkeztean ezinbestean sortzen dena. Hernando bera ere harritu da: “Hamaika urte daramatzat musikaren munduan, eta, joder, 30.000 lagunen aurrean jo dut Anoetan, eta oraindik urduri jartzen naiz pertsona bakar bati erakutsi behar diodanean ere!”.
Urduritasun hori azkar joan da desagertzen, jendea txintxo eta adi jarri baita entzunaldirako arreta eskainiz. Ez da ohikoa, izan ere, disko bat hasi eta buka entzutea, hitz egiteko tarterik gabe, komentatu gabe. Lekua apur bat hotza izan daitekeen arren, esango nuke eskertzekoa izan dela espazioa asmatzea. Denbora da askotan kulturaren etsai nagusia, eta hona hemen sormen lan bat aprobetxatzeko aitzakia eta esperimentua.
Musika beltzaren iturria
Musika beltzaren iturritik hartu ditu Belek bere melodia eta erritmoak. Lehenengo diskoan rythm and bluesa eta neo-soula baziren ildo nagusia, oraingoan, gertuago dago disco eta funketik. Entzunaldian, ekoizpen elektronikoak eta baxu lodi-lodiek arreta hartu duten arren, beti bezala, Hernandoren ahotsa gauza guztien gainetik dago.
Are gehiago nabarmendu da, Hernandok gitarra hartu, eta giro akustikora salto egin duenean. Bere ibilbidean ingelesez abesten duen kanta bakarra da honakoa, eta azaldu duenez, hildako amatxiri egin zion, argitaratzeko asmorik gabe. Azkenean, horrela, sortu moduan aurkeztu du, eta bere sinplezia ederrak aretoa hunkitu du. Sakona dena da sinpleena gehienetan.
“Ondo pasatzeko” pentsatu eta konposatu du diskoa Belek. Disko entzunaldi batetik harago, zuzenekoak dira ondo pasatzeko guneak, eta horretarako ere, aukera izango da. Durangoko Azokan estreinatuko du Beleren bigarren lan hau, eta, ostean, Hondarribian, abenduaren 17an, Iñigo Muguruza zenaren urtebetetze festan.


