Enpresek hustubidetik zaborrak botatzearen kalteez jabetzeko kanpaina abian da
Martuteneko industriagunearen sarreran jarritako kartela.Donostiako Udala Udalak industrialdeetan isuri kutsatzaileak saihesteko Hustubidetik, zero hondakin kanpaina abian jarri du Martuteneko eta Igarako industriaguneetan. Enpresei zuzendutako sentsibilizazio egitasmoaren xedea hustubide edo estoldetatik hondakinak botatzeak duen eragin negatiboaz jabetzea da. Horretarako informazio kartelak jarri dituzte bi industrialdeetako sarreretan eta aste honetan zehar azalpen liburuxkak banatuko dituzte gune horietako enpresetan, baita datozen bi asteetan dibulgazio bideo bat jarri ere Dbusen pantailetan.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak azaldu duenez, kanpaina egitearen arrazoia azken hilabeteetan bi industrialdeetan isuriak atzeman izana da. “Ohituta gaude etxeko hondakinen kudeaketa egokiari buruz hitz egitera, baina garrantzitsua da lan eremuan ere ohitura onak izatea, dela bulegoetan, dela industrian”. Gogorarazi duenez, pinturak, olioak, gasolioa eta halako hondakinak horretarako dauden bideak baliatuz kudeatu behar dira, izan ere, hustubidetik botatzen diren hondakinak ibaira edo itsasora joan daitezke, eta horrek ura kutsatu eta ingurumenari kalte egiten dio.
Bestalde, udalak ohartarazi du araudia betetzen ez duten enpresei zehapen ekonomiko bat jarriko zaiela, legez kanpoko isuririk hautemanez gero. Hori horrela, dei egin diete Martuteneko eta Igarako enpresa guztiei, denen artean industrialdeak “espazio garbiak eta jasangarri” izan daitezen eta ingurumenarekiko errespetuz joka dezaten.


