Marea arrosak hartuko du hiria igandean, Katxalin Martxa Solidarioarekin
Gaur aurkeztu dute Katxalin Martxa Solidarioaren 11. edizioa.Donostiako Udala Igande honetan, hilak 16, egingo dute Katxalin Martxa Solidarioaren 11. aldia. Bularreko minbiziaren aurkako ikerketari babesa emateko antolatzen du urtero Katxalin elkarteak, eta 5.000 pertsonatik gora espero dira, igandean Alderdi Ederretik (11:00) irtengo den aurteko edizioan.
BioGipuzkoa Zentroko bularreko minbiziaren ikerketaren aldeko martxa bat da, “gaixotasunari ikusgarritasuna eman eta ikertzen jarraitzeari garrantzia emateko”; izan ere, gero eta gehiago dira gaixotasuna pairatzen duten emakume eta gizonak.
Kirola eta elkartasuna, eskutik helduta
“Kirola elkartasun ekintza bihurtzearen adibide” gisa definitu du martxa hori Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak: “Elkarrekin egiten dugun urrats bakoitza bularreko minbiziaren aurka borrokatzen direnen aldeko mezua da, eta ikerketaren aldeko apustu garbia”, adierazi du.
Berritasun gisa, martxa hasi baina ordubete lehenago (10:00), Eureka Danceko zuzendari Oliber Nestarrek taldekako beroketa bat gidatuko du.
Ibilbidea
Alderdi Ederretik abiatuta, udaletxe paretik, lau kilometro eta erdiko ibilaldia egingo dute parte hartzaileek; hortik, Saguesen kokatutako Bakearen usoraino joango dira, eta, gero, Salamanca pasealekua, Abuztuaren 31 kalea, Kale Nagusia eta Igentea kalea zeharkatuko ditu, Alderi Ederrera itzuli aurretik.
Izen-emateak
Dagoeneko itxita dago online izena emateko aukera, baina presentzialki egin daiteke, oraindik ere, igandera bitarte. Azken horiek Eroski Urbil, Eroski Garbera, Deportes Apalategui Zurriola, Deportes Apalategui Woman, Bergarako, Zumarragako eta Legazpiko Katxalin ordezkaritzetan egingo dira; eta, martxaren egun berean, aldiz, Alderdi Ederreko udaletxeko terrazan.
Parte hartzeak 8 euroko prezioa du, eta diru hori, esan bezala, BioGipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldearentzat izango da.


