San Martin auzoa: «Arima propioa» eta modaren munduari keinu bat
Omenaldiak egin dituzte gaur San Martin auzoan. San Martin auzo elkartea Harrotasuna litzateke hitza. San Martin auzoko bizilagunek horixe sentitzen dute bere auzoarengatik —tira, auzotar guztiek sentitzen dute, oro har, berearengatik—; San Martinekoek, ordea, auzoan berezia den norbait omentzeko tartea hartu dute gaur goizean: Ugarte jostundegiko Juan Telleria.
“Arima propioa” duen auzo gisa definitzen dute San Martin. Auzo bat non harremanak sendoak diren, elkar zaintzen duten, eta elkarren babesleku diren. Argi ilunak pasatu dituen auzo bat, bizilagunei esker “aurrera bidea egiten jarraitzen duena”.
Auzo elkartekoen hitzetan, “poza” ematen du auzoa hazten dela ikusteak: “San Martin ez baita soilik merkataritza gune bat; berau osatzen dutenen esfortzu, talentu eta historiari esker bizirik dagoen auzo bat da”. Bai, harrotasuna da hitza.
Telleria: sentikortasuna, gustu ona eta diziplina
Bera da Ugarte jostundegiko “arima”. Beka bati esker Bartzelonan ikasia, 16 urte zituenetik dago modaren munduan murgilduta; 20 urterekin ireki zuen bere lehen denda, ordea, Tolosan.
1977an zapaldu zituen Donostiako lurrak, bertan geratzeko. San Martin auzoa aukeratu zuen, eta San Martin kaleko 58. zenbakian ireki zuen denda. 1988an beste bat ireki zuen Zaragoza plazan, eta 1998an hirugarrena, Ugalde Joven gisa ezaguna.
Berezia auzoan
Auzotarrentzat ez da “saltzaile soil bat”; bizilaguna izateaz gain, “bidelagun, erreferente eta familia” gisa definitzen dute Telleria, ia sei hamarkadetan zehar auzoari egin dion ekarpenarengatik. “Pasioa eta zintzotasuna” azpimarratzen dute, eta bere dendak elkargune izan dira bizilagunentzat. Etxe. “Juan bezalako pertsonek lagundu dute auzoari nortasuna, sona eta jarraikortasuna ematen”, diote auzotarrek.
Telleriak 80 urte betetzen dituen honetan, 60 urte dira Tolosan denda ireki zuenetik. Horregatik, eta esker oneko hitzekin soilik, omendu dute gaur goizean, aspalditik berea den auzoan.
Txapela arte bihurtzea
Auzo elkarteak antolatzen dituen ekimenen parte da, baita ere, Kapelaren bidea. Elkarteak artearen, modaren eta tradizioaren bidez bere negozioei bizia emateko bultzatu duten ekimen solidarioa da hori. Oraingoan, bada, Txapelarte jarri dute abian; txapelaz ondutako erakusketa ibiltaria jarri dute ikusgai, hala, gerora txapela horiek enkantera atera eta Minbiziaren Aurkako Elkarteari laguntzeko.
Izen handiko pertsonek kustomizatutako txapelak dira: Ana eta Elena Orella ‘Anhelo’ eta Santiago Egurbide kapelagileak, Iñigo Aristegi eta Eduardo Chillida Belzunce eskultoreak, Elena Arrese ikusizko artista, Miguel Balliache eta Iñigo Manterola artistak, Maria Berasarte eta Alex Ubago abeslariak, Martin Berasategui sukaldaria, Giovanna Bittante eta Idoia Lizeaga bitxigileak, Mikel Casal ilustratzailea, Charo Casteres bitxien diseinatzailea, Laura Chamorro kazetaria, Amaia Estanga eta Oihana Hernaiz diseinatzaileak, Jon Martin eta Beñat Krolem artistak, Reala eta Isabel Zapardiez joskintzako diseinatzailea daude kapela horien diseinuaren atzean.



