Añorga Txikiko hirigintza proiektua «auzotarrak entzun gabe» onartu dutela salatu du auzo elkarteak
Añorgako giza kate bat. Atxiki Añorga Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman zion asteartean Añorgako Geltokia hirigintza eremua urbanizatzeko proiektuari, horren bidez 248 etxebizitza eraikitzeko Añorga Txikin. Hasieratik, auzotar ugariren kontrakotasuna jaso du proiektuak, eta, hain zuzen ere, Añorgatxikitarrak auzo elkarteak “kezka eta atsekabea” adierazi du onarpenaren aurrean, “udalak ez dituelako kontuan hartu auzotarren kezkak, nahiz eta hainbat saiakera egin diren elkarrizketa bideratzeko”.
Udalak partaidetza prozesu bat egin zuen proiektu horren harira, baina auzo elkartea oso kritiko agertu da prozesu horrekin: “Parte hartzerik eza udalbatzara eraman behar izan genuen, eta azkenean prozesua auzoan egindako informazio bilera bakarrera mugatu zen, eztabaidarako edo proposamenak txertatzeko aukerarik gabe”.
Era berean, “auzotarren gehiengoaren jarrera kontrakoa” kontuan hartu ez izana leporatu diote udalari eta “enpresa eraikitzaileari lehentasuna” eman izana, “bizilagunen bizi kalitatea bermatuko duen hiri ereduaren gainetik”, auzotarrekin “benetako elkarrizketa bat irekitzearen ordez”: “Azken urteotan, alegazioak aurkeztu, mobilizazioak antolatu eta hainbat manifestazio egin ditugu, auzoaren hutsune eta gabeziei erantzuten dien, eta eraikitzailearentzat ere bideragarria izan daitekeen proiektu jasangarri baten alde”.
Auzo elkartekoek gogorarazi dute, halaber, “trafiko, aparkaleku eta zerbitzuen saturazioa errealitate nabarmena” dela auzoan, eta ehunka etxebizitza berri iristeak “are gehiago larriagotuko” duela egoera hori. Ohartarazi dute, gainera, “erabaki honek auzoaren izaera, bizigarritasuna eta etorkizuna arriskuan” jartzen dituela.


