«Uste dut benetan ona izango dela Añorgarentzat»
Jon Insausti alkateak adierazi duenez, urtea bukatu baino lehen hasiko dira Añorga Txikiko 248 etxebizitzak eraikitzeko lanekin.
Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko aurretiazko lanak.Añorga Txikitarrak auzo elkartea Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman dio Añorgako Geltokia hirigintza eremua urbanizatzeko proiektuari. Hasieratik, auzotarrak proiektuaren aurka agertu dira, besteak beste, auzune txikian etxebizitza gehiegi eraiki nahi dituztelako. Zehazki, 248 dira eraikiko dituztenak, eta horietatik 96 izango dira babes sozialekoak eta tasatuak. Proiektua jendaurrean jarriko du udalak hogei eguneko epean, behin betiko onartu baino lehen.
Jon Insausti alkateak Añorga Txikiko etxebizitza garapenaren garrantzia nabarmendu du: “Uste dut benetan ona izango dela Añorgarentzat. Ona izango da etxebizitza eskaintza handitu egingo dugulako. Añorgatarrei eskertu behar zaie eskuzabalak izan direlako, euren auzoan etxebizitza eskaintza handituko dugulako”.
Kontra agertu diren herritarrei dagokienez, adierazi du partaidetza prozesu bat egin zuela udalak, eta auzoari “entzun” ziotela: “Onartu dena azken marrazkia izan da, udalak zuen proiektuarekin eta auzotarrek egindako hobekuntzekin”. Horrekin batera, Insaustik esan du Añorgaren egunerokotasuna hobetuko duela: “Batez ere, Añorgako bizi kalitatea. Parke zabalagoak eta auzoan plazak izango dituzte, mugikortasun hobea… dena da positiboa”.
Hamar milioi euro
Proiektuaren aurrekontu balorazioa 10.427.946 eurokoa dela zehaztu du alkateak, eta lanak egiteko epea hemezortzi hilabetekoa. “Urte honen bukaeran edo datorrenaren hasieran ekingo diote urbanizazio lanei”, gaineratu du.
Bestalde, proiektuaren beraren xehetasun batzuk azaldu ditu Insaustik: “Ingurunea nabarmen berroneratuko da, eremu hori Añorga Txikiko gainerako eremuekin integratuz, errekaren ondoan aisialdirako berdegune bat sortuz, bide-konexioak hobetuz, garraio publikoarekin lotura hobeak eginez, baita auzoaren irisgarritasuna erraztuko duen igogailu berri bat sortuz ere”.
Eremu berrirako proposatutako antolamendu zatiari dagokionez, Añorga errekaren eta topoaren bideen artean egongo da, batetik, eta Añorga hiribidearen artean, bestetik. Espazio horretan, bost etxebizitza eraikin, Añorga errekastoaren erriberako parke eremu bat, aparkaleku bat eta oinezkoentzako hainbat plaza eta aisialdirako gune eraikitzea aurreikusten du udalak.
Añorga etorbideari dagokionez, egungo bide egiturari eutsiko diote. Hala ere, urbanizazio osoa egingo dute espaloi zabalagoak, aparkaleku antolatua eta zoladura eta hiri zerbitzu berriak jarriz.


