'Ez ikasi' leloa aukeratu du udalak indarkeria matxistaren aurkako egunerako
'Ez ikasi' kanpainaren aurkezpena, udaletxean.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak hilaren 25eko indarkeria matxistaren aurkako egunerako kanpaina aurkeztu du. Ez ikasi da hautatu duten leloa, eta, aurten ere, Usandizaga Institutuko Publizitate Grafikoko Goi Mailako Heziketa Zikloko 2. mailako ikasleek egin dute kanpainaren diseinua.
Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak azaldu du leloaren esanahia: “Kanpaina honekin desberdintasunak indartzen dituzten ideiak eta jarrerak desikasten, zalantzan jartzen, generoak errespetatzen, elkarbizitza indartzen eta libreki pentsatzen irakasten den hezkuntza espazioa lortu nahi da. Matxismoa ikasten da norbaitek karrera batzuk mutilentzat bakarrik direla esaten duenean, lankide baten iritzia kontuan hartzen ez denean, iruzkin sexistak alde batera uzten direnean, txantxak edo gehiegikeriak balira bezala. Ikasgelan, jokoetan, tailerretan, kiroletan eta rolen banaketan parte hartzeko antolatzen den moduan ikasten da”.
Errealitate horren aurkako borrokan laguntzeko, udalak berdintasun planak eta indarkeria matxisten aurkako planak, prestakuntza planak, protokoloak, jardunaldiak, eztabaida taldeak, emakumeen etxeak, ahalduntze eskolak eta sentsibilizazio kanpainak jarri ditu abian.
Hezkuntzari fokua
“Aurtengo kanpaina hezkuntza alorrean kokatu dugu. Ikasgeletan ematen diren jarrera matxistak salatu eta aldatu nahi ditugu, erreproduzitzen diren eta askotan zalantzan jartzen ez diren espazioak ere baitira. Sexismoa ez dago kalean, komunikabideetan edo sare sozialetan bakarrik: eskoletan, institutuetan eta unibertsitateetan ere ikasten da. Ikasten denaz hitz egin nahi dugu, eta ikasi behar ez genukeenaz ere”, azaldu dute Usandizagaren ikasleek.
Sentsibilizazio kanpaina ezagutarazteko sareetan komunikazio jarduerak egingo dituzte. Udalaren webgunean hilaren 25eko egitaraua eskuragarri egongo da, eta baita sareetan ere. Horrekin batera, Dbusen autobusetan, Gazteria bulegoan eta kultur etxeetan emango dute kanpainaren berri.


