Sara Zozayaren 'attä': elektronika ultra intimista, barrura bidaiatzeko
Sara Zozayak bakarkako laugarren lana argitaratu berri du. Tira, bakarkakoa baino, bere izenean egindakoa. Oraingo honetan, adibidez, Ke Lepo izenez ezaguna den Alejo Orbegozo izan baitu ondoan. Bien arteko baturak sortu du attä, elektronika ultra intimista ariketa.
Badirudi ambient musika eta dream-popa nostalgia ariketa bat direla. Malenkonia. Zozayak, ordea, ez du iraganera eramango gaituen proposamenik egin. Alderantziz, orainarekin erabat loturik dagoen musika da. Sentsiblea eta sentikorra.
Ez zait iruditzen tristeziarekin konektatzeko kantuak direnik. Alderantziz, badute, Maria Zambranok aipatzen duen moduan, “basoetako argigunea” dira kantu hauek. Itzalaren artean, harrapatu ezina den argia, alaitasuna. Horregatik da, bada, nostalgiaren kontrako musika. Eta horregatik erreskatatzen du Castillo Suarez: “Poemak tiroak dira. Iragana desegiten da”.
Bi EP eta album bat argitaratu ditu donostiarrak honezkero, III, I eta Nara, eta bakoitzean, bere esentziara buelta bat gehiago ematen duela dirudi. Artzek aipatzen duen moduan, egiaren bilaketa, barruraka doan espiral bat izango balitz moduan. Norberara buelta bat gehiago.
Gauza txar bat atera diezaiokegu lanari: 14 minutu eskas irauten duela. Horrelako beste hamar eskainiko ote dizkigu gero eta artista erraldoiagoa bihurtzen ari den Sara Zozaya?



