Arrandegia eraikineko obrek 11,7 milioi euroko aurrekontua izango dute
Donostia Sustapenak bost fase zehaztu ditu Bretxa bere osotasunean "biziberritzeko" eta "suspertzeko".
Ane Oiarbide Arrandegia eraikinaren etorkizunari buruzko xehetasunak ematen, udaletxean.Donostiako Udala Urtebete igaro da Donostia Sustapenak Bretxako merkataritza gunea kudeatzeko emakida hartu zuenetik. Ordutik, pausoak ematen aritu dira, eta gaur Arrandegia eraikinaren obren lizitazioaren berri eman dute. Sustapeneko administrazio kontseiluak 11,7 milioi euroko aurrekontua onartu du. Horren bidez, merkataritza gune osoaren berrikuntza integrala egingo dute, eta azokaren osaera berriak bere barnean hartuko ditu sotoko solairuetatik datozen saltokiak eta baserritarrentzako postu berrituak.
Arrandegia eraikinaren berrikuntza bost fasetan garatuko dela azaldu du Ane Oiarbide Ekonomia zinegotziak, “multzoa pixkanaka eraldatzeko eta Bretxako plaza herritarrei itzultzeko”. Izan ere, Bretxa bere osotasunean “berritzea” eta “suspertzea” da Sustapenaren helburua.
Lehen fasea plazatik datorren sarbide berriaren ingurukoa izango da, egungo tupperware delakoaren sarrera ordezkatu eta eraikina gimnasioarekin, Lidl supermerkatuaren lokala izango denarekin eta Bulebarreko aparkalekurako korridorearekin lotuz. Bigarren fasean kokatuko dute azoka berria beheko solairuan, saltokiei (harategiak, besteak beste) erreserbatutako 25 posturekin. Arrandegietarako gune propio bat sortuko dute, eta baserritarrentzako zein bertako produktuentzako beste gune bat. Zehazki, baserritarren hamabi postu jarriko dituzte.
Hurrengo faseetan, plaza estali eta urbanizatu egingo dute, dauden establezimenduak mugitu —kioskoa izan ezik, behin betiko itxiko dutelako jabeek—, argiztapena hobetu eta hiri loturak berrituko dituzte. Azkenik, sotoa Lidl supermerkatuaren kokaleku berria izango da, eta hor egongo dira ere azokarako bodegak, zerbitzuak eta instalazio orokorrak, Iñigo kaletik egingo den zamalanetarako sarbide berri batekin.
Lanen egutegia eta epeak
Plazako sarbidea eta kristalezko kuboa erabilgarri jartzeko hiru hilabete beharko dituzte —2026ko erdialdera arte—. Azokako solairuaren obrak, berriz, sei hilabete inguruko iraupena izango du —2026ko udazkenera arte—. Plazako eremuan, tupperware egitura kentzeko hiru hilabete aurreikusi dituzte —2027ko hasierara arte—. Azkenik, sotoa erabilgarri jartzeko zortzi hilabete beharko dituzte —2027ko udazkenera arte—, eta supermerkatuak bere obra pribatua egingo du, azalera handitzeko —hau ere, 2027ko udazkenera arte—.
Lehen solairuan egongo den Aukera gunea delakoaren egikaritze proiektua idazketa fasean dagoela esan du Oiarbidek, eta 2026ko hasierarako prest egongo da.



