Euskal Herriko erremonte profesionalaren etorkizuna «kolokan» dagoela ohartarazi dute
Galarretako Jai Alai frontoiko erremonte partida bat.Oriamendi 2010 Oriamendi 2010 enpresako erremontistek jakinarazi dute 2026ekoa izango dela Oriamendiaren azken urtea erremonte profesionalaren kudeaketan. “Gaur egun, Euskal Herriko erremonte profesionalaren etorkizuna kolokan dago, eta une erabakigarrian aurkitzen gara”, deitoratu dute.
Egoera honen aurrean, “argi eta garbi” adierazi nahi dute “guztiz konprometituta” jarraitzen dutela erremontearen etorkizunarekin, “gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin”. Haien iritziz, erremontea ez da kirol hutsa, “ohitura historikoa da, gure lurrean sakon errotua, eta Gipuzkoa eta Nafarroaren identitatearen parte da”.
Azken hamarkadetan, Hernaniko Galarreta pilotalekua izan da erremontearen “katedrala”, eta kirolaren “ikusgarritasuna, emozioa eta harrotasuna eskaini dizkiete” zaleei. “Azken hamabost urte hauetan, erremontistek Oriamendi 2010ekin elkarlanean aritu gara, norabide berean arraunean eta gure onena emanez, helburu bakarrarekin: gure kirol maite hau bizirik mantentzea”.
Erakundeei eskaera
Euskal Herriko erakunde publiko guztiei eta kirol zein kultura arloko eragileei eskaera bat luzatu diete: “2027tik aurrera erremonte profesionalaren jarraipena bermatzeko konpromisoa hartzea. Gure borondatea erabatekoa da: elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta egokitzeko prest gaude, erremonteak etorkizun sendoa izan dezan. Horrez gain, prest gaude edozein erakunde, entitate edo pertsona interesaturekin biltzeko, erremontearen etorkizuna lantzeko”.


