«Feminismo autonomoaren manifestua» ekarri du euskarara Aiora Enparantza itzultzaileak
Mariarosa Dalla Costa eta Selma Jamesen klasikoa ekarri du euskarara Aiora Enparantza itzultzaile donostiarrak, Silvia Federiciren hitzaurre eta guzti.
Aiora Enparantza itzultzailea. Xalba Ramirez Aitziber Jimenez de Aberasturi Katakrakeko editoreak eta Aiora Enparantza itzultzaile donostiarrak aurkeztu dute gaur Emakumeen boterea eta komunitatearen iraultza liburua. Mariarosa Dalla Costa eta Selma James ekintzaile eta teoriko feministen artikuluak biltzen dituen liburukia da, 1970eko hamarkadaren hasieran idatzia, Italia eta AEBen artean.
Enparantzak azaldu duenez, testu militante bat da, ekintza politikoa sortu nahi duena: “Ekintzara dei egiten du, baina ez da manifestu bat. Teoria politiko-ekonomikoa da, baina ez da saiakera bat. Testu militantea da, baina badu poetikotik”. Honela, lan hibrido honek emakume langileak kapitalismoan duen rola azaldu nahi du, borroka antikapitalistan subjektu gisa aldarrikatzeko.
1970eko hamarkadan feminismo autonomoak zituen gogoetei ekarpena egin eta “maila igotzeko” asmoz egin ziren testuok. Honela, batez ere Italia eta AEBetan garatu ziren hainbat eztabaida funtsezko jarri ziren mahai gainean, begirada argi batekin: emakumeen lana gizarte kapitalistaren erreprodukzioan.
Etxeko langileen aldarrikapena
Autoreek defendatzen dutenez, etxekoandrearen rola ukatu eta etxeko langile gisa ulertzeak, emakumeek erreprodukzio kapitalistan betetzen duten oinarrizko funtzioa ikusaraztea dakar, borroka antikapitalistan, emakume langilea, subjektu protagonista gisa aldarrikatuz.
Halaxe ziurtatzen du Silvia Federicik beren-beregi edizio honetarako idatziriko hitzaurrean: “Gaur egun feminista gutxik jarriko dute zalantzan lan erreproduktiboa –eta erreprodukzio soziala, oro har– dela, eta izan behar duela, borroka feministaren eremu nagusia”.
Aurkezpenean onartu dutenez, “testua ez da arina”, izan ere, testu militantea da eta garaiko eztabaidetan eragitea zuen helburu. Behin testuan sartuta, ordea, teoria politikoaz gain, egunerokotasunarekin zer ikusia duten auziak ere izango dira: senarren rola, hezkuntza, etxeko lanak… “Pertsonalaren eta politikoaren arteko talka erakusten du, ondo zekitenez, pertsonala politikoa baita”, azaldu du Enparantzak.
Jimenez de Aberasturik azaldu du sare teoriko oso baten parte dela honako liburua, eta ekarpen bat gehiago euskaraz emakumearen auzia pentsatzeko. Federiciren Soldataren patriarkatua argitaratua dute baita beste autore garrantzitsu asko ere: bell hooks, Angela Davis, Clara Zetkin, Rosa Parks berriki… Honela, emakume iraultzaileen nazioarteko konstelazioa ari da euskaraz garatzen. Autonomoen ekarpen honekin, urrats bat gehiago eman da.


