Ondarretako kalteak «berehala» konpontzeko neurriak hartuko ditu udalak
Ondarretako hondartzako eskailera hondatua erretiratu dute makinek.Xalba Ramirez Itsasoaren indarrak nabarmen kaltetu du Ondarretako hondartza. Pasealekuko horman agerturiko arrakalekin batera, pasa den astean hondartzaren erdialdean dauden eskailerak hondoratu ziren. Atzo eta gaur makinekin erretiratu dituzte harri zatiak, eta luiziak eragindako hutsunea bete dute. Gertaturikoaren aurrean, Donostiako Udalak neurriak “berehala” hartuko dituela iragarri du Jon Insausti alkateak.
“Erantzun azkar eta zehatz bat emango diogu arazoari”, adierazi du alkateak. Horretarako, 2025eko udal aurrekontuetatik diru sail bat erabili nahi dute Ondarretako pasealekuko kalteak konpontzeko. Zehazki, bi milioi euro beharko dituztela aurreikusi dute.
Udalak “premiazko” neurriak hartuko dituela iragarri du Insaustik, lanak “ahalik eta azkarren” lizitatzeko eta konponketa lanak abiatzeko. “Urtea bukatu aurretik irtenbide zehatz bat izatea espero dugu”, gaineratu du.


