Anoetako euskal derbien kolore txuri-urdina mantendu nahi dute
Realak eta Athleticek elkarren aurka jokatuko dute etzi, 12:00etan. Sentsazio oso desberdinekin ari dira bi taldeak.
Claire Lavogezek sartu zuen iaz Anoetan jokaturiko euskal derbiko garaipenaren gola.Reala Euskal Herriak eta Palestinak elkarren aurka jokatuko duten partida historikoaz harago, futbolean beste neurketa esanguratsu bat izango dugu asteburuan. Izan ere, emakumezkoen ligak ez du etenik izango. Reala eta Athletic nor baino nor ariko dira Anoetako euskal derbian. Etzi jokatuko da, 12:00ean, eta ederra litzateke Donostiako futbol zelaiko harmailak beteta ikustea. Txuri-urdinek denboraldi hasiera bikaina borobiltzeko aukera izango dute, sailkapeneko lehen postuetan daudelako. Zuri-gorriak, berriz, martxa hartu ezinda dabiltza, eta sailkapenean espero baino beherago. Pasa den sasoian, Realak Athletic mendean hartu zuen (1-0).
Eskubaloian, Bera Berak zirt edo zart egin beharko du etzi, QR3 kanporaketako itzulerako partidan. Dijon frantziarrak joanekoan gainditu ondoren (22-19), errenta baliatu beharko dute multzoen ligaxkara iristeko. Jakina denez, ez da erraza izango donostiarrentzat, baina hiru golek askorako eman dezakete. 17:00etan jokatuko da norgehiagoka, frantziarren pistan.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilak lehiara itzuliko dira bihar, Logroñon (20:55). Ligako liderrak dira, eta azken postuetan dagoen Milenio Panthers taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak. Lehen postua egonkortzeko baliagarria izan daiteke.
Belar hockeyan, Realak etxean jokatuko du, berriz ere. Oraingoan, Polo hartuko dute Zubietan, etzi (12:00). Sardinerori irabazita, konfiantza berreskuratzeko bidean dira.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ligako gurutze bidea arintzeko partida jokatuko du gaur, Illunben (20:30). Zamora izango dute arerio, eta oso garrantzitsua litzateke donostiarrentzat etxean beste garaipen bat lortzea.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Reala – Athletic (etzi, igandea, 12:00)
Eskubaloia
Europa liga, Q3 kanporaketaren itzulerakoa
- Dijon – Bera Bera (etzi, igandea, 17:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Milenio Panthers – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 20:55)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Reala – Polo (etzi, igandea, 12:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 8. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Zamora (gaur, ostirala, 20:30)


