Añorgako hirigintza proiektuak etxebizitzaren arazoa arinduko du?
Donostiako Udalak 248 etxebizitza eraikiko ditu Añorga Txikin, eta lanak urtea bukatu baino lehen hasi nahi dituzte. Añorgatxikitarrak auzo elkarteak erabakia deitoratu du, «udalak ez dituelako kontuan hartu auzotarren kezkak».
Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko aurretiazko lanak.Añorga Txikitarrak auzo elkartea Jon Insausti alkatearen ustez, Añorga Txikiko hirigintza proiektua «benetan ona» izango da Añorgarentzat. Izan ere, Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman zion asteartean Añorgako Geltokia hirigintza eremua urbanizatzeko proiektuari. Besteak beste, eremuan 248 etxebizitza eraikiko dituzte, eta horietatik 96 izango dira babes sozialekoak eta tasatuak. Proiektua jendaurrean jarriko du udalak hogei eguneko epean, behin betiko onartu baino lehen. «Ona izango da hiriko etxebizitza eskaintza handitu egingo dugulako. Añorgatarrei eskertu behar zaie eskuzabalak izan direlako, euren auzoan etxebizitza eskaintza handituko dugulako», nabarmendu du Insaustik.
Hasieratik, auzotarrak proiektuaren aurka agertu dira, besteak beste, auzune txikian etxebizitza gehiegi eraiki nahi dituztelako. Kontra agertu diren herritarrei dagokienez, alkateak adierazi du partaidetza prozesu bat egin zuela udalak, eta auzoari «entzun» ziotela: «Onartu dena azken marrazkia izan da, udalak zuen proiektuarekin eta auzotarrek egindako hobekuntzekin». Horrekin batera, Insaustik esan du Añorgaren egunerokotasuna hobetuko duela: «Batez ere, Añorgako bizi kalitatea. Parke zabalagoak eta auzoan plazak izango dituzte, mugikortasun hobea… dena da positiboa».
«Auzotarrak entzun gabe»
Añorgatxikitarrak auzo elkarteak «kezka eta atsekabea» adierazi du onarpenaren aurrean, «udalak ez dituelako kontuan hartu auzotarren kezkak, nahiz eta hainbat saiakera egin diren elkarrizketa bideratzeko». Udalak partaidetza prozesu bat egin zuen proiektu horren harira, baina auzo elkartea oso kritiko agertu da prozesu horrekin. Era berean, «auzotarren gehiengoaren jarrera kontrakoa» kontuan hartu ez izana leporatu diote udalari, eta «enpresa eraikitzaileari lehentasuna» eman izana. Bestalde, ohartarazi dute, «erabaki honek auzoaren izaera, bizigarritasuna eta etorkizuna arriskuan» jartzen dituela.


