«Donostia kolonizatu egin dute gazta tarta saltzen duten dendez»
Askotan, beharrezkoa da kanpoko begirada, nork bere burua hobeto ulertzeko. Halaxe, Marco Santopadre kazetari italiarrak (Erroma, 1973) Donostiako turistifikazio prozesua eta haren kontrako borroka izan ditu hizpide. 'La rivolta nella città di plastica' liburua argitaratu berri du (Matxinada plastikozko hirian). Bizilagunekin plataformaren gonbidapenari esker lortu dugu hitzordua.
Nolatan idatzi duzu Donostiako turistifikazioari buruzko liburu bat?
Lehen aldiz Euskal Herrira 1995ean etorri nintzen. Hiri turistiko bat ezagutu nuen, baina oreka baten barruan; azken 8-10 urteetan hiriaren, herritarren eta dinamika sozialaren arteko oreka erabat hautsi da. Egiturazko aldaketak egon dira hirian, hirigintza, gizarte eta ekonomia alorrean. Hemen bizita, akaso, aldaketa horietara ohitu zaitezke; bi urtean behin etorrita, oso handiak dira. Tabernak desagertuta, dendak aldatuta…
Ez da ohikoa italiar kazetari batek idaztea Donostiari buruz.
Italian, 2020-2023 garaian asko eztabaidatu zen turistifikazioaz, eta Bartzelona jarri da askotan eredu. Euskal Herriaz gutxi hitz egin da, baina niretzat turistifikazio eta gentrifikazio kasu argia izanik, oso interesgarria da. 2023an, turistifikazioaren kontrako mugimendua sortu zela jakin nuen, eta Bizilagunekin plataformarekin elkartu nintzen. Hainbat elkarrizketa egin nahi nituen, artikulu batzuk argitaratzeko. Batetik, turistifikazio prozesu argia ikusten nuen. Fenomenoak ezberdinak diren arren, ondorioak berdinak dira.
Han eragiteko asmoz egin duzu, beraz?
Dibulgazio helburuarekin idatzi dut, bai. Prentsan hitz egiten da protestez eta abar, baina gero ez da sakontzen. Talde txikiek egin dituzte protestak Venezian eta Eroman. Venezia da ikerketa kasu nabarmen bat. Protestak garatu diren arren, jada hiria erabat galduta dago. Eragile sozial eta politikoengan ez du pisuzko eraginik izan. Akademian lan mordoa egin da gentrifikazioa eta turistifikazioa ikertzeko, baina gero talde oso txikietan dago eta masa ikuspegian ez da zabaldu, zirkulu txikietan soilik; sindikatu, alderdi eta abarrek ez dute gaia ganoraz heldu.
Gaia sozializatzeak zer garrantzi du zure ustez?
Egoeraren kontzientzia zabaldu behar da. Sardinian bizi naiz ni, Cagliarin. Turistifikazioa COVIDaren ostean hasi da, puntu garrantzitsu batera heldu da. Jendea oraindik mozkorraldian dago: ze ondo turistak, gurutzaontziak erakarri behar dira, opor egunak luzatu behar dira… Hasieran, aberastasuna sortzen du. Zure amonaren etxea utzi dizute, turistei alokatzen diezu eta dirua ateratzen duzu. Taberna bat baduzu auzo batean eta bizilagunez gain, turistak badatoz, dirua egiten duzu. Arazoa da –Donostian gertatu den moduan— denbora gutxian mekanismo hori eskuetatik joaten dela. Jada ez dira herritarrak dirua irabazten dutenak, baizik eta atzerriko kapitalak. Historikoki prozesu luzeagoa izan da Donostian, baina orain abiadura bizian doa, eta taberna eta dendekin ikusten dugu, eskuz aldatzen dira bi urtean behin. Jabetzen kontzentrazioa doa gertatzen.
Zein da Donostiaren berezitasuna?
Jada oso turistikoa zen hiri bat zen. Ez da hutsetik hasi: XIX. mende osoan zehar hiri turistikoa, frankismoak turismoaren erabileraren inguruan egindako erabilera nazioartean babesa handitzeko, 1960ko hamarkadako booma. Eta, ostean, krisien papera: 2008koak eta koronabirusarenak ez dute turismoa gelditu; alderantziz, areagotu egin da, finantza metaketa espekulatibo moduan. Lehen, etxeak egiten ziren saltzeko. Orain, higiezinen parkea bahitu egiten da, beste modu batean erabiltzeko. Nomada digitalen auzia eta aldaketa klimatikoarenak ere hor daude. Urte batzuk barru, Mediterraneoan ezingo da egon udan; akaso honantz etorriko dira. Eta ez jada turismoari lotuta soilik: kolonialismo klimatiko bat izango da, dirua duen jendeak erabakiko du non nahi duen bizi.
Beti esaten da arazoa masa turismoa dela, baina ez. Arazoa mekanismoa da, modeloa. Lehen, turistikoa zen arren, hiriko bizitzaren dinamikan oreka bat zegoen, orain jada ez da existitzen.
Zergatik?
Hiriaren eta administrazioaren lehentasuna da industria turistikoa asetzea. Jada ez da kapitulu bat beste askoren artean: lehentasuna da, eta gainontzekoa, haren mende. Protestak dauden arren, honek jarraitzen du.
«Ezin zaio turismorari uko egin». Hau da beti egiten duten diskurtsoa. «Dagoena dago, jendea mugitzen da» eta horren arabera egin behar da. Ez da inoiz jartzen balantzan eragiten dituen minak: sozialak, ingurumenarenak, ekonomikoak, kulturalak… Gauza positiboez hitz egiten da: lana eta aberastasuna ekartzen ditu. Baina norentzat? Eta zein lan mota?
Donostian, adibidez?
Lehen taberna bat zuenak taberna bat zuen; pisu turistiko bat zuenak, pisua alokatzen zuen. Orain, industriak dira. Jabeak tamaina erdi-handiko enpresak dira, beste lurraldeetan daude eta eragin positiboa galtzen ari da.
Parte Zaharreko tabernen jabeak gero eta kontzentratuagoak daude.
Batetik espekulazioa dago, eta, bestetik, kudeatzen dutenei ardura kentzen zaie. Lehen, taberna bat edo aktibitate turistikoa kudeatzen zutenak komunitatearen parte ziren. Ondorio negatiboren bat izan arren, bazuten ere komunitatean eragin bat. Gaur egun, jabetza horren kontzentratua dago, eta horren urrun, urteko balantze batean zenbakiak baino ez direla. Ez zara ingurune baten parte, lurraldearekin elkarrizketa batean…
Hori da aipatu duzun oreka?
Etxebizitzaren eta lokalen prezioa horren altua da, merkatu normalean eskuraezinak bihurtu direla. Eta horrek kapital handien esku utzi du hiria. Etxebizitza eta merkataritzako ondarea birrindu dute.
Zein da, beraz, egungo Donostiaren egoera, zure ustez?
Egoera oso larrian dago jada. Protestak eta diskurtso eta neurri txikiak egon diren arren, ez dakit atzera bueltarik ba ote den. Positiboa litzateke egoerari buelta ematea, orekara itzultzeko.
Turismoaren kontrako protesta nola sortu zen azaldu duzu.
Ezker erradikalak 2015-2016 testuinguruan egin zituen hainbat protesta. Gerora, Bizilagunekin eta Donostia Defendatuz gisako mugimenduak agertu dira, desazkundea aldarrikatuz. Jada ez da turismo jasangarria aldarrikatzen, baizik eta turismoari muga bat jarri eta atzera egitearen beharra. Nik argi ikusten dut: turismoa xantaia bat da. Eta jaitsi egin behar da.
Nola xantaia?
Monolaborantzak rol hori jokatzen du: denontzat erabakitzen du, eta ezbaian jarriz gero, desinbertsioa egingo duela mehatxatzen du, eta krisian utziko zaituela. Diskurtso bikoitza dago: desazkundea beharrezkoa da bere eragin kultural, ekonomiko eta sozialak gutxitzeko; eta baita ere, industria turistikoaren agintearen menpe ez egoteko. Administrazioek berehala hasi behar dute birmoldaketarekin.
Zientziaren hiria, ez da erreklamo turistikoa, baizik eta talentua erakartzeko estrategia. Udalak dio konpentsatu egiten duela.
Arazoa da ea ekonomia produktiboa den edo finantziarizatua. Kanpoko inbertsioen araberakoa bada, azken finean, turismoaren antzeko ondorioak izan ditzake. Bertako herritarrek baino gehiago gastatu dezaketen herritar batzuk etortzen badira, alokairuan eta etxebizitzan gastatuko dute. Ondorio antzekoak izango ditu.
Masa turismoak baditu bistako albo kalteak: zarata, zikinkeria, prezioen igoera… Baina finantziarizatutako ekonomiak ere baditu antzeko ondorioak. Master batera ikastera datorrenak edo nazioarteko fisika zentrora sei hilabetez lanera datorrenak, azken finean, antzekoa egingo du. Hiritik aparte egongo da. Italian, Social Lab gisakoak daude. Ikasle eta langile digitalentzat. 1.400 euro balio du hilean. Ondorioa bera da. Ekoizpenera bideratu behar da berriro ere ekonomia.
Udalak esaten du ezin duela «ekidin» jendea hona etortzea. Erakundeek ez al dute zerikusirik?
Erakunde guztiek diote gauza berbera: «Turismoa existitzen da, harrera egin behar zaio, besterik ez». Ez da horrela. Erakundeek hiriak saltzen dituzte. Promozioa egiten dute, hiriaren marka sortuz. Zatika ere saltzen dute: jarduera kulturalak, kirolezkoak, gastronomikoak, makrokontzertuak… Jarduera eta esperientzien abaniko zabala antolatzen da. Esperientziak antolatzen dira turistak erakartzeko. Lehen, hondartzara etortzen ziren. Orain, turismo kultural, gastronomikoa nagusitzen da. Jende horri etortzeko dei egiten zaio, promozioaren bidez. Eta nazioartean hirien lehia argi bat dago, eta brandizazio bat egon da. Jendea dator, bai, erakarriak izan direlako.
Donostiaren ‘branding’-a zein izan da?
Hondartza historikoki izan da, eta klima aldaketarekin are gehiago. «Kalitatezko turismoa» saltzen du Donostiak, eta, azkenean, ez da batere kalitatezkoa. Gourmetizazioa eta Culinary Nation irudia da. Bilbon beranduago heldu den arren, halaxe da. Donostia hiri ederra da, baina hori ez da nahiko. Herrialde aberatsetatik datorren jendeak paketeak alokatzen ditu: astebete egongo da eta aldez aurretik ditu kontratatuak bisita guneak, jatetxeak Michelin izarrekin…
Hiria ederra da: hondartza eta mendiak ditu. Ez da arte hiri bat Bartzelona edo Eromaren moduan. Baina batez ere, gastronomia.
Eta gero, esperientziak. Turismoak hiriaren identitatea jaten du. Jada ez duzu salduko Euskal Herriaren milurteko tradizioak dituen herri gisa… Londresen edo Milanen egiteko moduko esperientziak izango dituzu azkenean; baina hemen. Jendeak gero eta gutxiago du interesa hirian, jardueretan eta esperientzietan, baizik.
Zein da kalitatezko eta masa turismoen arteko aldea?
Turismoaren elitizazioarekin alderdi negatiboak desagertuko direla esaten da (masifikazioa, zarata…), baina ez da egia. Gaur egun, Mendebaldeko klase ertaina horrenbeste mugitzen denez, ez du inporta. Ez gara hitz egiten ari nobleziaz edo burgesia altuaz. Frantzia, Suedia edo Alemaniako soldata nahiko normal bat, hemengoa baino askoz altuagoa da. Astebeteko oporrak dituzten langileek, urtean zehar sakrifizioak egingo dituzte, gero, oporretan, gehiago gastatzeko. Turismoaren elitizazioak ez dizkio turisten %90ari ateak ixten. %10 bat kenduko duzu, baina bestela… Klase bereizketa bat egitea da, besterik ez.
Prezioek gora egingo dute, eta hainbat espazio betirako galduko dira. Burbuilaren arriskuak gora egingo du. Industria turistikoak erabakitzen duenean Galiziara jo nahi duela, bertan marjina altuagoa delako, dena lehertzeko arriskua dago.
Eta zer etorkizun ikusten duzu?
Neurriak hartzen ari diren arren, gero eta gehiago ari da hazten urtez urte. Pisu turistikoak Intxaurrondora heltzea pentsaezina zen duela bost urte. Metroaren auzia hor dago: turistifikazioa garatuko du, gutxienez gauak, hiri osoan zehar igaro ahal izateko. Hotel eta pisu turistikoei mugak jarri zaizkie erdigunean, baina hazkundea hor gertatuko da. Hiriaren masifikazioa gertatuko da, eta auzoetara zabalduko da. Eredu aldaketa bat da behar dena. Neurriak eta aldaketa txikiak, beti berandu iristen dira.
Zer du berezia Donostiako turismoaren kontrako mugimenduak?
Mugimendu sozial, sindikal, feminista eta ekologista desberdinak batu egin direla problematika honen baitan. Egunerokoan Bizilagunekin plataforma dagoen arren, sare zabal bat ari da artikulatzen Donostian, turistifikazioaren aurpegi desberdinei aurre egiteko. Erakunde eta kolektiboentzat funtsezkoa da. Sindikalismotik prekaritatea borrokatzen ari bazara, ez du zentzurik eredu turistikoaren prekarizazioa ez aztertzea.
Mugimendua dagoen arren, ez dirudi hobera egingo duenik egoerak.
Turismo industriak izugarrizko boterea du. Komunikazio aldetik, baita xantaia aldetik ere. Pentsatu administrazioa hasten dela mugak jartzen, deshazkundea planteatzen. Batetik, asmatu behar dira sektore alternatiboak BPGaren jaitsiera hori mantendu dezaten. Eta bestetik, industriak ez du utziko hori gertatzea, modu baketsuan. Botere eta aberastasun kontzentrazio ikaragarria du turismoak.
Herri mugimenduek salto bat eman behar dute. Erantzunetik, espazioak hartzera. Ni harritzen nau, Donostia dagoen muturreko egoeran, ez planteatu izana boikot edo seinalamendu kanpaina zehatzik. Espekulazio nabarmenena den kasuetan. Donostia kolonizatu egin dute gazta tarta saltzen duten dendez. Informazioa zabaldu behar da, salaketa egin, baina bestetik, pultsu bat egin behar da.
Saltzen den hiriaren irudia da, bake irudi bat. «Etor zaitezte hona, inbertitu eta dirua egin, arazorik gabe. Ez dago kontrolik ez mugarik. Hiria lasaia da». Interes batzuek ikusten badute erantzuna dagoela, beste leku batera joango dira.
Liburua itzultzeko asmorik?
Bai, proposatu didate, baina buelta bat eman beharko litzaioke, Italiako ikuspegira moldatuta dago eta. •




