Irtenbidea topatu ezean, Zabaltza Elkarteak behin betiko itxiko ditu ateak
Groseko Jubilatuen Elkartearen Zabaleta kaleko lokalak ez du araudia betetzen. Irtenbide bila hamarkada baino gehiago badaramate ere, alternatiba bideragarririk gabe, ateak ixtea erabaki dute.
Julian Agustin da egun jubilatuen elkarteko presidentea. Egungo egoitzan gelditzen uzten ez badiete, proiektua amaituko dute.Maitane Aldanondo Zabaltza Elkartea Groseko Jubilatuen Elkarte bakarra da. 1982an sortu zuten eta orduan zabaldu zituen ateak Zabaleta kalean, baina duela hamabost bat urte, udalak jakinarazi zien lokalak ez dituela araudiaren araberako beharrezko baldintzak betetzen, besteak beste, ez baitu kalera irteera zuzenik. Orduan, beste lokal bat bilatzeko konpromisoa adierazi zieten udal ordezkariek, eta luzaroan, Gizarte Segurantzaren Oiartzun kaleko 3a izan zen aukera. Azkenik, hara aldatuko zirela zirudienean, ordea, martxoan, udalak baztertu egin zuen, hark ere araudia betetzen ez duelako. Behin-behineko irtenbide gisa, Nafarroa Beherea plazan dagoen lokal bat proposatu diete, baina zuzendaritzako kideen ustez, ez da alternatiba «nahikoa eta duina»; hortaz, uko egin diote. Adostasun faltan, urriaren 22an jakinarazi zien udalak abenduaren 22an betiko itxi beharko dituztela ateak, 43 urteko ibilbidea amaituz eta auzoko ehunka adineko lagun «topaleku eta babesleku» gabe utzita.
Zabaleta eta San Frantzisko kaleen arteko hiru atariko bi sarrerako galeria batean dago Zabaltza Etxea. Bi orriko atean, kronologia horren zertzeladak biltzen dituen oharra itsatsita dago. Barruan, karta jokoan dabiltza hamar bat gizon astelehen arratsaldean eta zenbait mahaietan sakabanatuta eserita daude beste batzuk ere. Julian Agustin elkarteko presidentea taberna ondoko korridorearen amaieran dagoen bulego txiki batean dago, kazetariaren zain. Paper pila ditu mahai gainean, asko orain arteko bidearen isla diren dokumentuak eta argazkiak dira. Asteazkenean —hilak 12— gainerako jubilatuen arduradunekin batera Gizarte Zerbitzuetako eta Ekintza Komunitarioko zinegotzi Maria Jesus Idoetarekin duen bilerarako oharrez betetzen ari da paper bat. Etsituta eta hein batean egoera sinetsi ezinik kontatu dizkio Irutxuloko Hitzari azken urteetako gorabeherak. Esatearen esatez, «hitzaldia» buruz dakiela dio, baina horrek ez dio zenbait unetan hunkitzea eragozten.
Lekuan gelditu
Pilatik orri bat atera du, maiatzaren 29ko datarekin. Bertan, udalak jakinarazi zien Oiartzun kaleko lokala eskuratzeari uko egin diola. Bigarren dokumentu bat irakurri du jarraian, gauza bera dioen Gizarte Ekintzako batzorde iraunkorreko da, martxokoa. Bietan arrazoia bera da: hark ere ez du araudia betetzen, ke aterabiderik ez baitu. «Aurten konturatu direla dirudi», dio Agustinek, ironikoki.

Leku aproposago bat topatu artean jarduera mantendu ahal izateko, Nafarroa Beherea plazako 80 metro koadroko lokal bat eskaini diete. Egungoak dituen 275 metro koadroekin alderatuta, txikia izateaz gain, ez du leihorik, ez aireztapen naturalik ezta oinarrizko zerbitzurik ere. «Ez naiz ausartzen jendea hor sartzen; bost lagun sartu eta batek katarroa badu, bost pneumonia sortzen», argitu du. Gainera, partekatu egin beharko lukete, izan ere, Goizaldiak egitasmoa gauzatzeko baliatzen dute astean hiru goizetan; «hori gutxienekoa da».
Ez onartzea erabaki du Agustin buru duen hiru kideko zuzendaritzak; egoitza berria topatu artean dauden lekuan gelditu nahi dute, baina udalak ezetz esan die. «Urte hasieran argindarra moztu eta itxi egingo dute». Egingarria ez denez, itxi eta proiektua amaitzea erabaki dute; baina aurrera jarraitu nahi duen talderik bada, dimisioa emateko prest daude. «Ez naute berriro engainatuko. Kezka dut hona —Nafarroa Behereako lokalaren planoa erakutsiz— bidali eta gutaz ahaztuko direla», ohartarazi du arduradunak. Behin-behinekoa dena behin betiko bilakatzeak beldurtzen du, izan ere, bizpahiru urtean lokal berri baterako dirurik ez dela esan diete udal ordezkariek. «2024ko otsailean diru bat esleitu ziguten lokal hura erosi eta atontzeko. Non dago diru hori?», bota du galdera. Erantzunik ez badu ere, GOErekin zerikusia ote duen bururatu zaio, eta haserre gogoratu du ixteko abisua jaso eta egun gutxira jakin zela Erdialdek Idiakez kalean duen lokala konpontzeko bi milioi euro bideratuko dituztela.
Irtenbidearen zain
2022ko Analisi Demografikoaren Txosteneko datuen arabera, Gros da, batez besteko adinik zaharkituena duen auzoa, biztanleen %31,8k 65 urte baino gehiago baititu. Azken urteetan gainbehera egin badu ere, 120 bat bazkide ditu Zabaltzak. Apenas egin dute inbertsiorik azken urteetan, Jatorra, Egiatarra edota beste batzuekin egin moduan; erori zen sabaia konpondu eta margotzea izan dira Agustin zuzendaritzan egon den sei urteotan egindako hobekuntza bakarrak. Hala ere, hainbatentzat arratsalderoko topagunea da, edota babes emozionala, memoria, yoga edota tai txia lantzeko lekua. Agustinen esanetan, «mingarriena da hiltzen uzten bada, hutsetik hasi beharko dela. ‘Hiru urte barru auskalo non gauden’ esaten didate askok».
Elkarrizketa amaituta, mahai ingurura lagundu du elkarteko presidenteak kazetaria argazki batzuk egiteko. Hiru mahaitan banatuta, emakume talde bat ari da jokoan. Argazkilaria nor den galdetuta, «oso ondo! Zabaldu, ez gaitzaten hemendik bota», esan dio emakumeetako batek; eta zutik dagoen gizon batek, ildo beretik, «ezin dute hau itxi; ea lortzen dugun hemen gelditzea».
Hori lortu nahian ari dira. Arazoa ikusarazi eta babesa jasotzeko asmoz, hedabideei oharra bidali zieten eta udal alderdiei bilerak eskatu. PPk, Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk interpelazio bana egingo diote alkateari; PSE-EEk ez du erantzun, eta alkateari ez diote eskatu, zinegotzia baita haren ordezkaria.


