Korrika martxan da Donostian ere
Korrika martxan da. Atzo aurkeztu zuten 2026ko Korrikaren kanpaina, eta, horrekin batera, hasi da Donostian ere Korrikaren lanketa. Horretarako, edizio guztietako klasiko bihurtu dena: Korrikaren dendaren irekiera.
Parte Zaharreko Esterlines kalean ireki du AEK-k denda, eta aurtengo Korrikaren leloa den Euskara gara markarekin egindako kamiseta eta bestelako materialak daude salgai. Ekitaldian, txalaparta eta bertsoak izan dira, eta Korrika kulturala izango denaren inguruko xehetasunak aurkeztu zituzten, Donostiako euskaltzale ugariren aurrean.
Euskara gara izango da 24. Korrikaren leloa, eta atzo egindako agerraldian azaldu zutenez, Atharratzen (Zuberoa) hasiko da, martxoaren 19an, eta Bilbon amaitu, martxoaren 29an. Ibilbide zehatza oraindik jakiteke dago, baita Donostiatik noiz pasako den ere.
Korrika Kulturala
Atzo aurreratu zutenez, Korrika Kulturala laster jarriko da martxan. Kaka antzezlanak irabazi zuen Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Beka, eta horixe izango da Korrika Kulturalaren ikuskizun nagusia. Hilaren 19an, datorren asteazkenean estreinatuko dute, Antzoki Zaharrean, eta, gero, hamaika herritan ikusteko parada egongo da.
Horretaz gainera, Korrikaren doako aplikazioa eskura dago gaurtik, berrituta, Android eta IOS sistema operatiboentzat. Eta Korrikaren arropa eta petoa ere dagoeneko nahi duen orok eros ditzake hiriburuetako Korrika dendetan eta online dendan.
AEK-ren mezua
«Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua. Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera. Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara. Milioi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara. Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara, elkarrekin sortuko dugun etorkizuna. Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pausoa, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea. Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea. Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia. Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok, euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok… Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra. Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra. Piztu da Korrikaren garra!».


