Olanazko zakuak eta txirristak, sugarretatik ihes egiteko
Leku ikusgarrietan badaude ere, Ramon Etxebestek sortutako suteetarako salbamendu sistema ez da ezaguna. Ingeniariak Parte Zaharreko bere lantegian bi asmakizun nabarmen egin zituen, garaiko prentsaren arabera, baina gerora ahaztuak izan ziren.
Plaka ate bat da, eta barruan, sute egoeran daudenei laguntzeko sistema bat omen dago.Nagore Garmendia Hiriaren historiako une lazgarrienari lotuta dago sua. 1813koa sutea eta hark ekarritako suntsiketa donostiar guztiek ezagutu arren, ez zen lehena ezta bakarra ere izan. Datu gisa, 1266tik 1813ra bitartean, hiribilduan hamahiru sute izan ziren eta erabat suntsitu zen sei alditan. Egurrezko egiturak eta ur eskasiak zaildu egiten zuten sugarrak baretzea. Horregatik, putzuak eta iturriak orokortuta ez zeuden garaietan, itzalgailu gisa sagardoa baliatu izan zela ere jakina da.
Horren ezaguna ez dena, Ramon Etxebeste herritarrak XIX. mende amaieran asmatutako salbamendu sistema da; nahiz eta haren berri ematen duten plaka bana baden hiriko bi ohiko lekutan: Aldundiaren jauregiko arkupeetako zutabe batean eta Plaza Berrirako San Juan kaleko sarbidean. Hitzez hitz, «Aparato de salvamento en incendios aplicable a los andamiages. Sistema R. Echeveste. SS 1898», dio haietan, nahiz eta egun zikinkeriak eta gainean egindako grafitiek argi irakurtzen ez utzi.
Ez zen, antza, suaren bueltan Etxebestek egindako lehen asmakuntza izan. Javier Maria Sadak idatzitako Historia del cuerpo de zapadores bomberos de San Sebastian liburuan 1890-1900 urteen arteko bitxikerietan ere ageri baita beste bat. Kronikariak bertan jaso zuenez, 1895eko irailaren 24an El Fuerista egunkariak Etxebestek sortutako suteek eragindakoak salbatzeko «sistema iraultzaile» baten berri eman zuen. Dioenez, «txirrista» modukoa zen eta bere eraginkortasuna erakusteko Joaquin Lizasoain alkateak Ijentea kaleko 4an zuen etxea aukeratu zuen. Jende ugari bertaratu omen zen froga ikustera. Bost minutuan, laugarren solairuko pisuetako bizilagun guztiei lagundu zien, aldapan behera, «erregulartasun eta azkartasun harrigarriz». Kazetariak 300-400 pezetako kostua zuen asmakizuna erostera gonbidatu zituen etxejabeak; udala, ordea, ez zuen konbentzitu beharrik izan: haren truke 250 pezetako aurrerakina eman baitzion Etxebesteri, asmatzen jarrai zezan.
Aldamioetarako sistema
Eta hala egin zuen. Horren isla dira aipatu plakak edota Euskal Erria aldizkariaren aipamena. 1897ko azaroaren 6an San Antonio ospitalean frogatu zutela, hainbat pertsona eskudunen aurrean, arrakastaz burutu zituztela eta asmatzailea pozarren zegoela. Halaber, bere funtzionamenduari buruzko xehetasunak ere eman zituen.
«Bi mugimendu ditu: horizontala, behealdean artekatutako hodi baten barruan fatxadan zehar doan karrete bat; eta bertikala, alde batetik karretearen kakoari eta bestetik salbagailuari egokitzen zaion polea sistema bat. Olanazko zaku sendoa da, metro bateko diametroa eta metro bateko altuera duena, eta salbamendu lanetan biseraren bidez zabaltzen da, beren burua salbatzen saiatzen ari diren pertsonek ematen dioten pisuari esker». Horren osagarri gisa, aldamioak baliatzeko «sorbaldak gurutzatzen dituen uhal sistema bat dago, zorabiatuz gero, erortzea saihesten duena».
Sistemak ez omen zuen fatxadaren itxura itsusiago egiten eta edozein balkoi edo leihoetan jar zitekeen berehala. Testuak, gainera, ezinbesteko bi datu ematen ditu: «Salneurri urria» duela eta non eros daitekeen. «Xehetasun gehiago nahi dutenek, Ramon Etxebeste industrialari neketsu eta adimentsuaren tailerretara jo dezakete –San Jeronimo kalea, abuztuaren 31ko izkinan—». Kazetariari sistema baliotsua iruditu zitzaiola dirudi, izan ere, esaldi esanguratsu batzuekin amaitu baitzuen pieza: «Zorionak ematen dizkiogu asmakizunagatik, haren erabilgarritasuna agerikoa baita, eta haren laudorioan esan genezakeen guztia gainditzen baitu».
Laudorioak laudorio, esandako lekuetan dagoenik eta zer den, egun, inork gutxik daki.


