«Otsailerako prest eta sasoi onean egoteko eskatu didate»
Pedalkadaz pedalkada hazi da Yago Agirre (Loiolako Erribera, 2004). Donosti Berri eta Donostialdea Bizikletan klubetan hezi, atzerrian maila findu eta Euskadi Fundazioarekin sasoi ona egin ostean, Euskaltel Euskadirekin sinatu du datozen bi denboraldietarako.
Yago Agirre txirrindulari donostiarra.Inaxio Esnaola Afizionatu mailan aritu ondoren, Euskaltel Euskadiren bidez profesionaletara itzuliko zara. Ametsa beteko duzu?
Hori zen nire ilusioa, eta lortu dut. Txirrindularitzan bidea egin nahi dugun guztion nahia da profesionaletan bidea egitea, eta are bereziagoa da niretzat helburu hori Euskaltel Euskadirekin betetzea.
Zure bigarren esperientzia izango da profesionaletan, 2023an eta 2024an Alemaniako Sauerland talde kontinentalean aritu ondoren. Zergatik erabaki zenuen gazte mailatik jauzi hori egitea?
Txirrindularitza eta ikasketak uztartzeko. Herbehereetan Matematika ikasketak egiteko aukera sortu zitzaidan, eta Alemaniako talde horrekin bat egiteko aukera izan nuen. Esperientzia oso ona izan zen, eta ziklista moduan hobetzeko garrantzitsua izan zen niretzat. Une hartan, nire mailatik goragoko lasterketetan parte hartzeak hazten eta ikasten lagundu zidan. Adibidez, Britainia Handiko Itzulia korritu nuen, nazioarteko tropelean ezagunak diren txirrindulari profesionalekin.
Alemaniako abentura bukatu zen, besteak beste, talde hark soilik ziklista alemaniarrekin jarraitu nahi zuelako?
Horrela da, bai. Sauerland taldearekin bigarren denboraldia bukatzean izan nuen erabaki horren berri.
Horregatik bueltatu zinen Donostiara?
Beste aukera batzuk nituen arren, etxera itzultzea lehenetsi nuen. 23 urtez azpiko afizionatu mailan aritzea erabaki nuen, eta aurretik Euskadi Fundazioarekin harremanetan aritu nintzenez, haiekin sinatu nuen.
Maila txukuna eman duzu afizionatuetan, Euskadi Fundazioarekin. Hiru garaipen eskuratu dituzu, tartean, Espainiako errepideko txapelketa. Nazioarteko esperientzia lagungarria izan da?
Bai, baina ez da erraza alderatzea. Pasa den sasoian maila baxuagoko lasterketetan ibili nintzen, Alemaniako taldearekin izandako esperientziarekin konparatzen baduzu. Dena dela, entrenamenduetan nabarmen hobera egin dudala uste dut, eta, ondorioz, emaitza onak lortu ditut.
Espainiako txapelketari dagokionez, ez da ohikoa errepideko proba bi maila desberdinetan irabaztea. 2022an gazte mailakoa irabazi zenuen Valladoliden, eta, aurten, 23 urtez azpikoa, Granadan. Besteren batek lortu du?
Duela gutxi arte bakarra nintzela uste nuen, baina Albert Torresek ere lortu zuen. Gu biok gara txapelketa hori bi maila horietan irabazi dugun bakarrak. Harro egoteko modukoa da, horrelako lasterketak irabaztea zelako nire txikitako ametsa. Egun bakarreko lasterketa gogorrak gustuko ditut, norberaren gaitasunak erakusteko balio dutelako. Bestalde, txapelketa irabazteak ate ugari irekitzen ditu.
Bi txapelketak antzera irabazi zenituen, gainera; tropelari aurrea hartuta.
Antzera, bai, baina desberdin. Gazte mailakoan, ihes egin nuen, tropelak harrapatu ninduen, eta esprintean irabazi nuen. 23 urtez azpikoan, berriz, ihes egin nuen, eta helmugara bakarrik iritsi nintzen. Egia esan, gustuko ditut horrelako lasterketa gogorrak, eta badirudi ondo moldatzen naizela.
Etorkizuna oraindik argitu gabe dagoenez, iraganera egingo dugu. Donosti Berri eskolan hasi zinen. Zergatik aukeratu zenuen txirrindularitza?
Betidanik gustuko izan dudalako, txiki-txikitatik. Hamaika urterekin hasi nintzen bizikletan ibiltzen Donosti Berrirekin. Atletismoan eta beste kirol batzuetan ibili nintzen, baina argi nuen txirrindularitzan aritu nahi nuela.
Donosti Berrirekin egindako urteak nola gogoratzen dituzu?
Oroitzapen onak ditut, gustuko nuen kirola praktikatzeko aukera eman zidatelako. Gainera, ondo moldatzen nintzela ikusi nuen. Garaipen asko lortu ez arren, urtetik urtera onenekin lehian jarraitzen nuela ikusi nuen, eta horrek konfiantza eman zidan jarraitzeko eta txirrindulari izateko.
Duela gutxi Grosen egin zizuten omenaldi batean, bi anekdota aipatu zituzten zure zuzendari izandako bik. Bata, kadete zinenekoa da. Konfinamendua ezarri zutenean, lasterketak egiten zenituzten Donosti Berriko ziklisten artean, eta gehienak irabazi zenituen. Horrela al da?
Bai. Hasiera batean, soilik Donostian entrenatu genezakeen, baina Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak baimen moduko bat lortu zuen federatuta geunden ziklistentzat. Orduan, probintzian zehar eta talde txikitan entrenatzeko aukera izan genuen. Taldeko zazpi kideen arteko lasterketei dagokienez, egia da denak edo ia denak irabazi nituela. Lehiakorra naiz, eta lasterketak ez ezik, entrenamenduak ere irabaztea gustuko dut [barrez].
Bestea, berriz, gazte mailakoa da. Eroriko itsusi bat izan zenuen. Lasterketa batean, kurba itxi bat hartu eta desagertu egin zinen. Gero, aurpegia odoleztatuta agertu zinen. Gogoan duzu?
Durangoko mendate bat jaisten izan zen. Kurbara azkarregi sartu nintzen, eta buruan kolpe bat hartu nuen. Ondoren, odoletan agertu nintzela esan didate, baina ez dut gogoratzen erorketa beraren momentua. Egia esan, zortea handia izan dut erorikoekin, eta baliteke hura izatea orain arteko itsusiena.
Donosti Berri izatetik Donostialdea Bizikletan izatera pasatu zen pandemia garaian. Trantsizio naturala izan zen klubeko ziklistentzat?
Egia esan, bai. Guk ez genuen nabaritu, eta ordura arteko lanari jarraipena eman zioten arduradun berriek. Ziklistak eta pertsonak trebatzeko konpromisoa mantendu zuten. Dagoeneko Donostialdea Bizikletaneko ziklista gisa, emaitza onak lortu nituen gazte mailan, eta horri esker lortu dut urratsez urrats iritsi naizen tokira iristea.
Donostian ez dago txirrindularitzan aritzeko eta trebatzeko beste klubik. Ezinbestekoa da dagoen bakarra mantentzea?
Bai, noski. Garrantzitsua da bizikletan ibili nahi duten neska eta mutil donostiarrentzat. Bestalde, aipatzekoa da klubean ziklista moduan ibilitako asko aritzen direla entrenatzaile moduan, gazteagoak direnak trebatzeko. Baita ni ere, kadeteekin nabilelako haiei laguntzen modu boluntarioan. Denbora gutxiago izango dut hemendik aurrera, baina gustuko dut entrenatzaile gisa aritzea.
Txirrindulari moduan, berriz, bi urteko kontratua sinatu duzu Euskaltel Euskadirekin. Zeintzuk dira zure helburuak?
Entrenamenduetan egin beharrekoa betetzea eta lasterketetan mailarik onena ematea, garaipenik lortu ez arren. Horrek ez du esan nahi irabazten ahaleginduko ez naizenik, baina ez da nire oinarrizko helburua.
Azparren anaiak dira zure aurretik profesionaletara jauzia egin zuten donostiarrak. Gainera, biak Euskaltel Euskadirekin. Haiekin harremanik baduzu, eta gomendiorik eskatu diezu?
Ezagutzen ditut, bai. Errepidean topatu izan gara, baina ez dut haiekin hitz egiteko aukerarik izan. Gaur egun, Q36.5 talde suitzarrean dabiltza, ziklista moduan gehiago hazi direlako. Niri gustatuko litzaidakeena da Euskaltel Euskadi sendotzea, eta Euskal Herriko txirrindulari onenekin egonkortzea proiektua.
Dagoeneko hasi zara prestatzen datorren denboraldia?
Astebete daramat, eta oraindik egutegia argitu ez badidate ere, otsailerako prest eta sasoi onean egoteko eskatu didate. Beraz, dagoeneko lanean nabil ahalik eta ondoen iristeko lasterketa horietara.



