«Udalak egin ez duena egin behar izan dugu frankismoaren biktimok»
Frankismoaren biktimek Espainiako Gobernuari eskatu diote 'Jesusen Bihotza' monumentu frankista gisa katalogatu dezaten, "froga nahikoa dagoelako hori egiteko".
Agerraldia egin dute Espainiako Gobernu Delegaritzaren aurrean, frankismoaren eta diktaduraren biktimak, AVICGE Genozidioaren Biktimen Elkarteak eta CNT eta PCE-EPK (erakunde memorialista gisa). Espainiako Gobernuari eskatu diote Jesusenpoli Bihotza Urgulleko monumentua Memoria Demokratikoaren Legearen katalogoan sartu dezaten, eta horren araberako neurriak hartu daitezen.
Maria Pilar Pingarron Zumetak azaldu du hedabideen aurrean aurkeztutako kereila. PCEko Antonio Pingarronen alaba da bera, “indarrez desagertutako” milizianoa, eta bere gorpuzkiak oraindik desagertuak daudenak. Frankismoaren biktima izaera onartua duenez, argitu du haiek egin dezaketela gisa honetako salaketa bat. “Udalak egin ez duenez, guk, frankismoaren biktimok, egin dugu; estatuari eskatzeko Memoria Demokratikoaren Legearen katalogoan sar dezaten Jesusen Bihotza”.
Izan ere, frankismoaren biktimek eta elkarte memorialistek eskubidea dute gisa honetako eskaerak egiteko, Memoria Demokratikoaren Legearen arabera. Parte hartu duten batzuek “pozik” ikusiko balute ere monumentuaren eraisketa, argitu dute hori ez dela haien erabakia, eta ez dela hori eskatzen ari dena.
“Altxatuen omenezko monumentua”
“Guk eskatzen duguna da Memoria Demokratikoaren aurkako Elementuen Katalogoan sartzeko, frankismoari gorazarre egiteko monumentu gisa eraiki zelako”, azaldu dute agerraldian. Izan ere, Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu zuen maiatzean, eskultura frankista zela frogatzeko. Aurkitutako hainbat dokumentu historiografikoren arabera, “argi eta garbi” monumentuaren helburua 36ko gerran hildako altxatuen omenez, egin zuten proiektuaren azken bultzada.
Donostiako Udalak, Eneko Goia alkate zuenean, ordea, ez zuen aintzat hartu udaleko taldeak egindako ebazpena, argumentu sinple batekin: Jesusen Bihotza eraikitzeko ekimena 36ko gerraren aurrekoa izatea, alegia.
Agerian geratu zenez, ordea, lehendik “pentsatuta” zegoen arren, Antonio Paguagua alkateak —lehendik mugimendu karlistan ibilitakoak—, ideia ontzat jo, eta lehenengo 100.000 pezetak eskaini zituen. Garaiko giroan ohikoa zen moduan, Francoren eta martiri faxisten omenaldi gisa irudikatu zuen eskulturaren eraikuntza.
Maiatzean argitaratu zen 1939ko udalaren aktak hori jartzen du agerian: “Gurutzada Nazionaleko martirien uko egite heroikoa adierazpen handi batean betikotu nahi duen ekimen” gisa ikusten zuten monumentua. Eta honela justifikatzen zuten: “Harpidetzaren hasierako lehen kuota udalarena berarena da; izan ere, hiri honetan monumentu handia eraiki behar da, Jesusen Bihotzaren estatua erraldoi batean azkenduko dena, eta Aberriaren Caudillo Salbatzailearen jeinuak gidatuta haren eta Espainiaren alde bizia eman duten guztiak bere maitasun besoen azpian babestuko dituena”.


