XX. Feministaldia ospatzeko 'Databasa' leloa aukeratu dute
Gaur abiatuko da Tabakaleran egingo den hitzaurrearekin, eta hilaren 26an, 27an, 28an eta 29an borobilduko dute.
XX. Feministaldiaren aurkezpena, Tabakaleran.Inaxio Esnaola Hogei urteko ibilbidea nabarmenduko du Feministaldiak, eta, horretarako, Databasa leloa aukeratu dute. “Hainbat gai jorratu nahi ditugu. Hala nola, mundu mailan ematen ari den gorakada faxista eta patriarkalaren analisia”, azaldu dute Laura Muelas eta Leire San Martin antolatzaile taldeko kideek. Gaur goizean aurkeztu dute Tabakaleran, eta egitarau zabalaren berri eman dute.
Gaur arratsaldean Tabakaleran bertan egingo den hitzaurrearekin hasiko da XX. Feministaldia. Gerora, 26an, 27an, 28an eta 29an jarraituko du Kontadoresen eta Tabakaleran bertan. Aldiz, hilaren 29an, Dabadaba aretoan emango diote bukaera, “festa protesta” batekin. Egitaraua osorik kontsultatu daiteke Feministaldiaren webgunean.
Burujabetza digital eta teknologikoa sustatzeko asmoa ardatz, 45 bat artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok osatzen dute gonbidatuen zerrenda oparoa. Nabarmendu dituztenen artean daude SpiderAlex eta Maider Likona ziber-ekintzaileak, Laia Estruch artista eta performerra, Laurance Rassel komisarioa, Sahatsa Jauregi artista eta eskulturagilea eta Txileko Lastesis kolektibo feminista. Horrekin batera, Kazetaritza feminista eta antiarrazista. Betoak, irainak, erantzunak solasaldia nabarmendu dute. Zuriñe Rodriguez, Maider Galardi eta Laura Arroyo kazetariek parte hartuko dute.
“Datuen objektibotasuna zalantzan jarri eta irakurketa feminista, antiarrazista eta queerrak ekarriko dira gurera, munduaren ikuskera ez algoritmiko baten alde elkarrekin pentsatzeko jaialdia izango delarik”, adierazi dute antolatzaileek.
Dabadabako festa
Feministaldiari bukaera emateko festa ere aipatu dute, eta Anais Cordova Paez antolatzaileak esan du “festa protesta” izango dela. Hilaren 29an, Egiako Dabadaban, hiru musika jartzailek girotuko dute gaua: Selektora Ichma, Makeda eta Ines. Horrekin batera, VJ set FeminxstProjection.Party ere programatu dituzte.


