Beti bada beste bide bat
2025eko Labo XL jaialdiko igandeko ikuskizun bat.Joseba Parron San Sebastian “Aukeratu gustuko duzun leku bat eta bertan egon hiru minutuz, ezer egin gabe”. Instrukzio hau entzun eta bete egin genuen igande eguerdian Tabakalerara gerturatu garenok Neri(H)ari/Myriam Perez Cazabonen Entzuten nauzu? proposamena bizitzera. Saiakera gorpuztu honi hasiera emateko ez-akzio ederra.
Non eta zenekin geunden ohartzeko beste pare bat akzio gidatuz Plato aretora eraman gaitu eta bere irla galduen artxipelago intimoan barrena nabigatzera gonbidatu. Azkenaldian murgilduta dabilenaren hedatze bat plazaratu du artistak, bere pentsamendu, erreferente eta erreferentzia, egiteko era eta bide berrien bilaketak elkarbanatu dizkigu eskuzabaltasun (gorputz zabaltasun esan liteke?) osoz, prozesua balioan jarriz eta harekin biluztuz. Duela egun batzuk Ixiar Rozasi Narrugorritik (Consonni, 2025) bere azken liburuan biluzteko era ezberdinak bildu dituela entzun nion eta burura etorri zait, Perez Cazabonek biluzteko beste modu bat aurkeztu baitu gaur nire ustetan. Bereziki hunkitu nau. Hemendik ere, mila esker ausardia eta koherentziagatik, Myriam.
Labo XL jaialdiaren 7. aldiaren testuinguruan gertatu da hau. Igandean izan zen dantza, antzerkia eta zirkua batzen dituen jaialdiaren azken eguna. Ostegunean hasi zen eta emanaldi mordoa izan du programazioak. Nik, aurten, igandean soilik bertaratzeko izan dut aukera, eta ez da gutxi izan.
Arratsaldeko hitzordua 17:00etan izan zen Tabakalerako Plaza espazioan, Ibawa kolektiboaren Gaua dantza piezarekin. Dimitri Ebboren musika indartsua konposizio koreografiko garbiaz dantzatu zuen laukoteak eta hala, erresistentzia oihu mutuen bidez “isilaraziak, zapalduak eta zigortuak izan ziren emazte euskaldunen” gorputzak ekarri zituzten gurera. Ondoren, Patio aretoan sartu ginen, beste hiru dantza emanaldi ikusteko prest. Jendez lepo zegoen aretoa eta horrek pozik jarri ninduen. Lehen proposamena Marina Lopezen Dime si con eso vale bakarkako lana izan zen. Tentsioan mantendu gintuen bere mugimendu bortitzekin, goitik behera beltzez jantzita bere emozio ilunak utzi zituen lur gogor horretan. Bigarren, Alvaro Murilloren 8km en mula lana etorri zen eta honek ere, tartetxo batez, tentsioa gorputzean utzi zigun. Bere tablao propioa lurrean jarri eta taconeo fin eta zehatzez dantzatu zuen bere istorioa, gorputza eta arima ohol zatiari eta bertako beste arima guztiei osoki eskainiz. Intentsitate hori graduz jaitsi zen artista flamenkoa bere oholtza zen horretatik irten eta espazio osoa oholtza bihurtu zuenean. Gozamenetik dantzatu zuen orduan, eta publikoko bati baina gehiagori irribarrea sorrarazi. Hirugarren piezarekin erlaxatu nintzen guztiz ni, Olaia & Gilles bikotearen Festa Formal izeneko azken lanarekin. Haien presentzia natural eta zintzoarekin bidaian eraman gintuzten, Euskal Herriko eta Valoniako musika folklorikoen arteko topaketa batean zehar. Bi gorputz hauek elkar ulertzeko duten modu bereziaz disfrutatuz, egiten dutena erraza denaren sentipena helarazten duten horietakoak dira bi dantzari hauek; plazer hutsa.
“Gorputzak balioa du, dantzak balioa du, gorputzak balioa du, dantzak balioa du” mantra moduan errepikatzen aurkitu nuen neure burua etxera bidean.
Hau guztia gutxi balitz, Prisma espazioan izan zen azken emanaldia: Bleda Insipida zirku garaikideko konpainiaren Last Triggers. Auto istripu baten ondorioz animalia bat hiltzen duen pertsonaia interpretatu zuen Alicia Rechac sortzaile eta interpreteak, eta Las Hijas de Fullerren egitura eta eszenografiak berehala kokatu gintuen eszena zinematografiko hartan. ChatGPTrekin elkarrizketak, autoepaiketa gordinen bakarrizketa mamitsuak eta Hollywoodeko zinemaren klixeak erabili zituen indarkeria, morala eta politikoki zuzena dena eta ez dena gisako planteamenduak jorratzeko. Nahasketa hau gainera oihaletatik eta eszenografiatik zintzilik aurkeztu zuen, umore kutsu pertsonal batekin. Labo XL jaialdiaren linean doan umorea iruditu zitzaidan, ironikoa, absurdoa eta umore beltzaren gertukoa. Zazpi edizio izan dira dagoeneko, eta jaialdiaren ildo artistikoaren izaera definitzea zaila den arren, positiboa iruditzen zait identifikatu daitezkeen ukituak izatea.
Itxiera Taba tabernan eman zioten jaialdiari, Rev-Silver musikariaren piano kontzertu batekin, eta seguru itxiera borobila izan dela, baina nik nahikoa nuen egun osoko informazioarekin, eta bertatik abiatzea eta digestioa mantso egitea erabaki nuen.
“Gorputzak balioa du, dantzak balioa du, gorputzak balioa du, dantzak balioa du” mantra moduan errepikatzen aurkitu nuen neure burua etxera bidean. Neri(H)ariren Entzuten nauzu? saioaren aztarna zelakoan, poltsikoan goizean gorde nuen *aurkibidea* atera eta “5. Irla. BETI BADA (BESTE) BIDE (BERRI) BAT” irakurtzea erabaki zuten nire begiek. Normalean hartzen dudanaren ordez, beste bide bat hartu nuen, ziurtatzeko.


