Zazpi metrorengatik geratu dira Europatik at
Bera Bera ez da sailkatu Europa ligako multzoen ligaxkara, QR3 kanporaketako itzulerakoan Dijonen aurka galduta.
Bera Beraren eta Dijonen arteko itzulerako partida.Bera Bera Denboraldiko helburuetako bat zen Europa ligan bidea egitea, baina ez da posible izango. Bera Berak penaltietan galdu zuen atzo, multzoen ligaxkara sailkatzeko aukera. QR3 kanporaketako itzulerakoa jokatu zuten Dijonen, hango taldearen kontra, eta frantziarrek irabazi zuten norgehiagoka (27-24). Dena dela, kanporaketa berdinduta geratu zen, eta penaltietan erabaki zen dena. Etxekoek soilik asmatu zuten zazpi metroetatik, eta donostiarrek penalti guztiak huts egin zituzten (3-0). Ligako sendotasuna falta izan zitzaien, eta, orain, liga berari heltzea besterik ez dute datorren sasoian Europara bueltatzeko.
Futbolean, Realak puntu gazi-gozoa eskuratu zuen Anoetan jokaturiko euskal derbi jendetsuan. Athletic mendean hartzeko aukera asko izan arren, luzapenean, eta Nerea Eizagirrek kapitainak sarturiko penaltiari esker berdindu zuten (1-1). Horrela ere, sailkapen nagusiko hirugarren postuari eutsi diote txuri-urdinek, eta datorren jardunaldia ere etxean jokatuko dute, baina Zubietan, Alhamaren kontra.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek sendo jarraitzen dute ligan, eta lidergoa sendotzeko garaipena eskuratu zuten Logroñon, Milenio Panthersen aurka (2-6). Dagoeneko 18 puntu dituzte, eta lau puntura dute Jaca bigarren sailkatua. Denboraldi honetan ligako titulurako lehian egongo direla erakusten ari dira donostiarrak.
Belar hockeyan, Realak kopara sailkatzeko asmoa du, eta horretarako bidean dira. Pasa den ostiralean, atzeratutako partida irabazi zioten Junior taldeari, Zubietan (2-0). Aldiz, atzo ezin izan zuten menderatu Polo, hau ere, etxean (0-1). Horrela ere, sailkapen nagusiko zazpigarren tokian daude txuri-urdinak, eta neurketa bakarra falta da kopako sailkatuak zeintzuk diren jakiteko.
Saskibaloian, nahi eta ezin segitzen du Gipuzkoa Basketek. Berriz ere galdu egin zuten. Berriz ere, Illunben, eta berriz ere gutxigatik (82-86). Oraingoan, Zamora izan zuten parez pare, eta markagailuan aurretik jartzea kostatu arren, irabazteko aukerak ere izan zituzten. Sailkapeneko putzuan sartuta daude, garaipen bakarrarekin.
EMAITZAK
Eskubaloia
Europa liga, Q3 kanporaketaren itzulerakoa
- Dijon 27 – Bera Bera 24 (3-0)
Futbola
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Reala 1 – Athletic 1
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Milenio Panthers 2 – Txuri Urdin 6
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Reala 0 – Polo 1
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 8. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 82 – Zamora 86


