Lagun izandakoen azken afaria irudikatu dute
Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek 'Azken afaria' komikia aurkeztu dute Aratz erretegian, apropos aukeratu duten tokian.
Unai eta Beñat Gaztelumendi, Aratz erretegiaren kanpoaldean. Inaxio Esnaola Bertsolari aldizkariaren neguko alea eta 140. zenbakia da Azken afaria komikia. Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek elkarrekin osatu duten bigarrena da, 2021ean argitaratu zuten Bidea da borroka komikiaren jarraipena. Bigarren zatian ere Martin Artola bertsolaria da protagonista. Gaur goizean aurkeztu dute Ibaetako Aratz erretegian, eta luze zabal azaldu dituzte lanaren nondik norakoak.
“Lehena irakurtzeak laguntzen duen arren, bigarrenak era autonomoan ere funtzionatu dezake”, adierazi du Beñatek. “Lehen komikiak Martin Artolak bertsolari gisa egin duen bidea kontatzen du, baita ere haren belaunaldiko gatazkekin duen lotura. Bigarren komikian, berriz, Martin krisian dago, eta krisi horrek bi alde ditu: publikoa eta intimoa. Batez ere, alde intimo horri heldu diogu”, gaineratu du. Komikian landu dituzten gaiak, berriz, hainbat dira: “Familia ereduei, gurasotasunari, euskararen egoerari, militantzia ulertzeko moduei eta autoritatea hartu eta banatzeko moduei heldu diegu”.
Lagun onak izandakoen afari bat kontatzen du komikiak. “Bizitzak leku desberdinetatik eraman dituen lagunak dira. Bakoitzak bere norabidea hartu du, bere kontraesanekin. Mahaiaren bueltan jarri, eta horri buruz hausnartzen dute”, azaldu du Beñatek. Hain zuzen ere, kapitulu bakoitzak pertsonaia baten ibilbidea kontatzen du.
Aratz erretegia aurkezpenerako apropos aukeratu dute anaiek. “Pertsonaiak ideologikoki oso urruti daude bata bestearengandik, eta Aratz bada Donostiako jende desberdinena elkartzen duen tabernetako bat. Aratzen ondo jateaz aparte, askotariko jendea topa daiteke hemen”, nabarmendu du Beñatek.
Sortze prozesua
2024ko udaberrian jaso zuten Bertsolari aldizkariaren “enkargua”, eta udarako gidoia prest izango zuela uste zuen Beñatek. “Ordea, blokeo asko izan ditut idazteko prozesuan. Gaiengatik, oso gertukoak egiten zitzaizkidalako, bai ni eta bai nire adineko asko ukitzen dituzten gaiak direlako. Gidoitik urruntzeko beharra sentitu nuen”, aitortu du.
Unairi ez zaio halakorik gertatu, baina gaiak lantzerako orduan antzera sentitu dela esan du: “Niri ere oso gertuko gauzak marraztea egokitu zait. Oso gertuko pertsonak ez, baina bai gertukoen ezaugarriak. Gauza atseginak eta desatseginak”. Beñatek sortze prozesuan hartu behar izan zuen distantzia, baina Unai komikia entregatzean hasi da distantzia hartzen. “Orain ari naiz ikusten egindako lana”, aitortu du.
Marrazketa prozesuari buruzko xehetasunak ere eman ditu Unaik: “Nire lana izan da Beñatek bere buruan sortu zuen hori paperera eramatea, lurrera ekartzea. Askoz gehiago eskatu diot neure buruari, emaitza aldetik. Pauso bat aurrera ematen saiatu gara biok. Komiki bat sortzeak eta orri bat marrazte hutsak lan handia eskatzen du. 160 orri baino gehiago atera zaizkigu”.
Elkarrekin lan egitea “errazagoa” izan dela aitortu du Unaik, eta, ondorioz, argitaratu duten lana “osoagoa” dela: “Bion artean adostu genuen istorioa, eta gidoia idazten ari zen heinean marraztu dut. Prozesu horretan, konturatu nintzen Beñatek kontatu nahi zuena zela nik marraztu nahi nuena, eta asmatzen ez nuena. Niri hauxe gustatzen zait, gure garaiari buruz hitz egitea, gure inguruari buruz. Beñaten gidoian hauxe aurkitu dut. Plazerezko ordu asko pasatu ditut hau egiten”.
Komikia hainbat liburu dendetan jarriko dute salgai, eta Bertsolari aldizkariaren webgunean ere eskuratu daiteke.


