Tamaina txikian emaitza handiak sortzen dituzten lekura sarbidea
Ikerketa zentroari buruzko azalpenez gain, haren zati bat bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten bisitariek.Maitane Aldanondo Ezohikoa da ikerketa gune batek bere ateak zabaltzea herritarrei, baina Miramon Parke Teknologikoan dagoen CIC biomaGUNEak aukera eman zuen ostegun eta ostiralean. Lehen egunean, 25 lagunek parte hartu zuten, ostiralean, berriz, dozena batek; halako aukerek jakin-mina eragiten dutela erakutsiz. Bigarren aukera horretan, ordu eta erdikoa behar zuen bisita, ia bi ordura luzatu zen.
Elkargunetik, hitzaldi aretora sartu ziren denak. Han, Komunikazio Zientifikoko arduradun Clara Garcia Gorrok informazio orokorra eman zien zentroaz, bertan egiten dutenaz eta jarraian ikusiko zutenaz. Une batean, beren profila hobe ezagutu nahian, zenbait galdera egin zizkien: bostek parkean lan egiten dute, bik bertan lan egiten duen senide edo ezagunen bat dute, gehienek, formakuntza zientifikoa, eta batzuek, aurrekoetako bat ere ez.
Zientzialarien estereotipoa maiz giza harremanetarako gaitasunik gabeko zoro batena bada ere, horretatik urruti daude egiaz gehienak. Hori nabarmendu ondoren, bertako lantaldeak gainbegiratu eta ikerketa zentroaren tamainaz zenbait datu eman zituen Garciak: ikerketa ildo desberdinak dituzten hamaika ikerketa talde daude, heren bat kanpotik etorritako ikertzaileak dira luzera desberdineko egonaldi baterako; talde teknikoa ere badago, ikertzaileei plataforma teknologikoak nola erabili irakasten diena; administrariak, gizarte baliabideetako langileak… Barruan ikertutakoa kanpora ateratzeaz kezkatzen direnak ere badaude, transferentzia, patentea edota spin off moduan. Biomagunetik hogei patente eta hiru spin-off gizarteratu dira.
Eskala txikian
Lekuaren tamainatik, lanerako erabiltzen dutenera. Nanoegiturekin aritzen dira eta eskala ulertzeko adibideak jarri zituen Garcia Gorrok. Eskala horretan, sendagaiak kapsula ditzakete liposometan eta horiekin gorputzeko leku zehatz batean soilik eragin; edota karbono nanoegiturak baliatu nerbio zuntzak lotzeko. Kontuan izanda, objektu bat hazten doan heinean, bere bolumena gainazala baino askoz azkarrago handitzen dela, horren txikia izateak propietate bereziak ematen dizkie egitura hauei. Adibide argiekin ulertarazi zien bertaratutakoei hizlariak: azukre koskorrak baino azkarrago gozotzen du aleetan xehatutako azukreak eta gurina xaflatan moztuz gero, azkarrago biguntzen da.
Eta hori dena zertarako balia daiteke? Biomagunean, 3D inprimagailuekin ehun biologikoa edo nanopartikulak egin, odol hodiak sortu eta horiekin gaitzak aztertzeko. Baita 3D tumoreak eratzeko ere, hala, “modu errealistagoan”, ikertzeko.
Azalpen orokorretatik, minutu batzuk geroago bertatik bertara ezagutzeko aukera izango zutenera heldu zen: Irudi Nuklearreko Plataforma. Lau atalez osatutako ingurua da: animalia gunea, irudi nuklearra, irudi magnetikoa eta laborategia. Hirikoak ezohiko zenbait gauza ditu: eremu zabaleko erresonantzia, partikula bizkortzailea den ziklotroia, erradiokimika laborategia, arratoi eta saguen tamainarako irudi nuklearra eta animalia gunea, dena elkarren ondoan. Gainera, ICTS azpiegitura bat da, bertan puntako ikerketa egin daitekeela esan nahi du eta halako beste batzuek osatutako sare baten parte da.
Puntako azpiegitura
Garciak eta Irudi Nuklearreko Plataformaren arduradun Unai Cossiok erantzundako galderetarako tartea amaitua, irten, eta eraikinaren beste alde batera joan ziren. Han, komunekoak egiteko tartearen ondoren, eskaileretan behera egin eta ate bat zeharkatuta heldu ziren bisitaren eremura. 400-500 sagu eta 300 arratoi dituen animalia gune “txikia” albo batera utzi, eta oinetakoak babesten ari zirela, Daniel Padrok agurtu zituen. NMR eta MRI plataformen arduradunak bere bulegoa erakutsi zien. Han, ospitaleetan egon ohi diren erresonantzia magnetikoetako makina bat du, “Ferraria”. Izan ere, haiek 1,5-3 teslako arazmena badute, honek, 11,7 du.
Atetik begiratu zuten makina, barrura sartu ahal izateko pieza mekanikorik ez dutela ziurtatzea beharrezkoa baita.”Eremu handiagoa, erresoluzio handiago eta gehiago neurtzeko aukera”, zehaztu zuen. “Sentsibilitate txikiago eta malgutasun handiagoa ditu gauzak egiteko”. Sarrerako ahoa txikiagoa du, animaliaren tamainakoa, eta beharrezkoa da arratoia edo sagua lokartuta egotea. Horri esker ikertu ahal ditzaketen gaitzak, nagusiki, neurologikoak: parkinsona, eskizofrenia, alzheimerra, iktusak, baina baita bizkar muineko kolpeak edota ebakiak ere.
Handik, ziklotroira joan aurretik, Cossiok ohartarazpenak egin zituen. Arratoiak ikusi nahi ez zituztenek esan zezatela, haiek kentzeko pantailetatik; eta erradioaktibitatea arriskua ez zela. Geletan neurgailuak daude eta urtebetean langileek jasotako erradioaktibitate, erradiografia bakarra egiteak duen baino txikiagoa da. “Hutsa da. New Yorkera hegazkinean joan-etorria eginda, erradiazio natural handiagoa jasoko zenukete”.
Donostiatik ingurura
Bunker batean dago ziklotroia, ezin da barrutik ikusi, noski; beraz, maketa batean erakutsi zuen nolakoa den. Bi metroko diametroa du eta bertan, osagai erradioaktiboak ekoizten dituzte. Horietako bat, fluor markatu bat duen FDG bat, glukosa berezi bat, minbizia ikertzeko baliatzen dena. Bertan ekoizten dute goizero Onkologikora eta EAEko gainerako ospitaleetara banatzen den osagaia, baina baita Zaragoza, Kantabria edota Oviedora bidaltzen dena, beharraren arabera. “Halako asko daude, baina ikerketarako erabil daitekeen bakarra hau da, isotopo desberdinak sor ditzakeelako”, argitu zuen. Animaliengan probatzeko erabiltzen duten kopurua ere “oso txikia” dela zehaztu zuen, hau da, “ez dio inolako kalterik eragiten”.
Ondoko aretora jo zuten, ondoren, erradiokimika laborategira. Han eskizofrenia ikertzen ari den Maria ikertzailea zegoen. Harengana bertaratu ziren bisitarietako pare bat egiten ari denari buruz gehiago jakin nahian. Ordu erdiko bisitaren azken geltokian, sortutako osagai horren erabilera ikusteko aukera izan zuten. Makinan zegoen arratoiari gizakien minbizi zelulak jarri eta terapiak lantzeko baliatzen dute. Animalia albotik ikusten zen irudian ageri zen gaitza duen gunea, gorriz.
Abiapuntura itzuli eta oraindik ere zalantzaren bat argitzeko tartea izan zen. Dena esanda, asebeteta, amaitu zen bisita. Eta hala, itxura berritzaileko eraikin horietako batean, hormaz barrura, zer egiten den hobe jakinda joan ziren.


