Aldundia Lurralde Oreka Berdea Saila «ahultzen eta administrazio paralelo bat sortzen» ari dela salatu dute
Aldundiko langileen protesta, Gipuzkoa plazako eraikinaren aurrean.Gipuzkoako Aldundiko Langile Batzordea Langile publikoen defentsan, administrazio paralelorik ez! lelopean, elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Aldundiko langile batzordeak, aldundiaren egoitzaren aurrean. Lurralde Oreka Berdea saila “urtetik urtera ahultzen” ari dela ohartarazi dute langileek.
“Funtzioek eta betebeharrek gora egin duten bitartean, langile publikoen kopuruak behera egin du, eta ez da kasualitatea. Izan ere, administrazio publikoaren egitura desegin duten neurrian, inguruan fundazio eta antzeko erakunde sasi-publikoak sortu dituzte, egun administrazio paralelo bat izateraino”, azaldu dute.
Sailaren barne finantziazioa “etengabe” behera egin duen bitartean, sortu dituzten fundazio eta kanpoko enpresei zuzendutako diru sailak “gero eta handiagoak” direla jakinarazi dute: “Pribatizazio bidean ez dago estrategia hoberik ordezkatu nahi duzuna ahultzea eta kaos batera eramatea baino”.
Aldundiko langile batzordea kezkatuta dago egoerarekin. Batez ere, 2016. urteaz geroztik zenbait enpresa pribaturi emandako adjudikazioengatik. “Horren aurrean, Lurralde Oreka Berdea Sailak zerbitzu publiko indartsuago baten alde egin behar du, eta ez helburu pribatuak dituzten enpresa eta fundazioak diru publikoz mantendu. Funtzionarioak diren langile publikoak behar ditugu, baliabide, formakuntza eta lan egiteko prozedura egokiekin”.


