Donostiako 46. Nazioarteko Maratoian inoiz baino jende gehiagok eman du izena
Donostiako Maratoiaren aurkezpena, udaletxean.Foto Runners Igandean, hilaren 23an, Donostiako 46. Nazioarteko Maratoia egingo dute, eta gaur goizean egin duten aurkezpen ofiziala, udaletxean. Inoizko partaidetzarik handiena izango duela jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, 11.500 korrikalarik eman dute izena. 7.000 lasterkari ariko dira 42 kilometroko maratoian, eta 4.500 hamar kilometroko proban.
Antolatzaileen arabera, lasterketa “anitzagoa, gazteagoa eta gero eta emakumezko gehiago dituena” izango da. Horrekin batera, 71 herrialdetako atletek parte hartuko dute. Emakumeen partaidetzari dagokionez, kopuruak gora egin duela nabarmendu dute, eta, aurten, 3.271 emakume izango dira irteeran —tartean, aurkezpenean izan den Estefania Unzu Verdeliss, 2025eko World Marathon Challengeko txapelduna—. Gainera, proba gaztetu egiten da: adin talde handiena 25 eta 34 urte artekoa izango da, guztira 3.600 lasterkarirekin.
Zirkuitu egokitua
2022an estreinatu zuten zirkuitua, aurtengo parte hartze handira egokitu dute. Alde batetik, lehen itzulia zazpi kilometrotik zortzira pasatu dute. Bestetik, bi itzuli handiak berdin-berdinak izango dira. Espainiako Atletismo Federazioak homologatutako trazadurak Amara, Anoeta, Antigua, Erdialdea eta Gros auzoak zeharkatuko ditu. Irteera Hernani kalean izango da, eta helmuga, berriz, Donostiako Bulebarrean.
Aurreko edizioetan gertatu moduan, zortzi erbi talde egongo dira, 02:45:00etik bost ordura zortzi erritmo markatuko dituztenak. Bestalde, Donostiako Nazioarteko Maratoia Gipuzkoako Txapelketa eta Euskadiko Maratoi Txapelketa izango da, bai gizonezkoen eta emakumezkoen banakako kategoria absolutuan, bai taldekako kategorian.
Ordutegiak, irteerak eta berrikuntza logistikoak
Hamar kilometroko probaren irteera 08:15ean izango da Hernani kaletik, udaletxe ondotik. Maratoia, berriz, 09:00etan hasiko da, leku beretik. Parte hartze handia dela eta, historian lehen aldiz, irteerak egingo dira. Hamar kilometroko lasterketan bi irteera egingo dira, eta maratoian hiru.
Gipuzkoako atletismo klubetako 500 boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute antolaketan, eta dortsalak eta kamisetak emateaz, horniduraz, kontsignaz eta bestelako laguntza zerbitzuez arduratuko dira. Ibilbidean zortzi animazio gune egongo dira korrikalariei laguntzeko.


