Ganbara Ostatua irekitzeko unea iritsi da
Antiguako sei musikarik osatzen duten proiektuaren estreinaldia urtarrilaren 9an izango da, Lugaritz Kultur Etxean.
Sei musikarik osatzen dute Ganbara Ostatua.Batiste Ezeiza Musika, antzerkia eta literatura uztartzen ditu Ganbara Ostatua proiektuak. Antiguako Iñigo Ozaeta musikaria da sortzailea, eta auzoko beste bost lagunekin eraiki du banda eta taberna: Ion Martinez Txiki, Beñat Gartzia, Jon Gartzia, Mikel Arruti eta Mikel Ormazabal.
Urtarrilaren 9an irekiko dute Ganbara Ostatua, Antiguako Lugaritz Kultur Etxean. Taberna ilun bateko gertakizunak irudikatuko dituzte Walter Ego zorigaiztoko pertsonaiaren bidez. Haren bizipenak kontatuko dituzte, abestiekin eta poemekin, besteak beste. Soinu banda, berriz, musikariek orain arte jorratu gabekoa da. Izan ere, jazz, swing eta tango doinuak uztartu dituzte prestatu duten istorioa kantatzeko.
Behin irekita, emanaldi gehiago emateko asmoa du seikoteak, Ganbara Ostatua beste hainbat lekutan zabaldu ahal izateko.


