Adimen artifizialaren errealitatea aztertu dute
Donostia Sustapenak XII. Berrikuntzaren Astea egin du, WeekINN izenez ezaguna dena. Zientziaren eta berrikuntzaren inguruko topaketa interesgarriekin osatu dute egitaraua. Horietako bat da asteartean Kursaalean egindako 'AA ulertzen' dibulgazio jardunaldia.
'AA ulertzen' jardunaldiaren parte hartzaileak, Kursaalean.Donostia Sustapena Eguneroko bizitzan gero eta presenteago dagoen adimen artifizialari tarte berezia eskaini dio Donostia Sustapenak XII. Berrikuntzaren Astean. Pasa den asteartean, herritarrei zuzenduriko AA ulertzen dibulgazio saioa egin zuten, Kursaalean. Agerian geratu zen gaia interesgarria bezain erakargarria dela, Foyer guneko edukiera bete egin zelako.
Adimen artifiziala ulertzeko, kontzeptuak desmitifikatzeko eta dagoeneko gure gizartea eraldatzen ari diren aplikazio errealak erakusteko helburuarekin antolatu zuten jardunaldia, BAIC zentroarekin (Basque Artificial Intelligence Center) lankidetzan. Jaime Garcia Cantero El Pais Retina atariko edukien zuzendariak dinamizatu zuen saioa, hiru ataletan banatuta.
Lehenik eta behin, adimen artifiziala zer den eta ez den argitzeko hitzartze bat eskaini zuen Laura Diz BAIC-eko komunikazio arduradunak. «Adimen artifiziala aipatzean, gehienoi burura etortzen zaigun lehen gauza ChatGPT da, ziurrenik. Bigarren gauza, berriz, robotak dira. Ordea, hori baino askoz ere gehiago da», nabarmendu zuen Dizek. «Denok erabiltzen dugu adimen artifiziala, konturatu ez arren», ohartarazi zuen: «Netflix, Spotify, Google eta bestelako plataformak kontsumitzen ditugu, eta horiek adimen artifiziala erabiltzen dute».
Adimen artifizialak nola lan egiten duen azaltzen saiatu zen Diz hainbat eredurekin, eta adierazi zuen egunerokoan hainbat sektorerentzat «oso lagungarria» dela. Dena dela, aitortu zuen adimen artifiziala ez dela perfektua: «Akatsak egiten ditu, eta horiek bereizten zein zuzentzen jakin behar da». Ideia orokor batekin borobildu zuen hitzartzea: «Adimen artifiziala mailu bat da: eraikitzeko eta birrintzeko balio du. Lehenaren alde egitea dagokigu».
Lan tresna gisa
Adimen artifizialaren inguruan sakontzeko, bi solasaldi egin zituzten. Aurrenekoan, adimen artifizialak lanbideetan duen eragina aztertu zuten Maitane Valdecanto abokatuak eta Ivan Piris ingeniariak. Valdecantok adimen artifizialaren alderdi legala nabarmendu zuen, eta erregulazioaren garrantziaz aritu zen: «Europa adimen artifizialaren erregulazioan egiten ari den lana garrantzitsua da, baina erronkak daude oraindik». Pirisek, berriz, adimen artifizialaren garapen teknikoa eta horrek industria sektorean duen aplikazioa azaldu zuen: «Adimen artifizialak lanbideetan eta industrian duen eragina handia da, eta horrek erronka etiko eta juridikoak dakartza».
Bigarren solasaldian, adimen artifizialarekin lan egiten duten hiru enpresa donostiarren ordezkariek parte hartu zuten: Iraia Ibarzabal (Multiverse), Eider Sanchez (Naru Intelligence) eta Albert Algans (Nuuk). Ibarzabalek Multiverse garatzen ari den konputazio kuantikoaren eta adimen artifizialaren arteko lotura nabarmendu zuen. Sanchezek, berriz, osasungintzan eta onkologian adimen artifizialaren bidez soluzioak garantzeko lanean dihardutela esan zuen. Azkenik, Algansek streaming bidezko bideo plataformak segurtasunerako, larrialdietarako eta defentsarako garrantzitsuak direla adierazi zuen.
Hiruek ondorioztatu zuten enpresek eta profesionalek prestakuntza eta gaitasunak garatu behar dituztela «adimen artifizialaren aro berri honetan». Horrela, teknologia horren garapenean, «finantzaketa eta baliabideak» ezinbestekoak direla nabarmendu zuten.
Agerikoa eta erreala da adimen artifizialak etorkizunean izango duen eragina handia izango dela. Baita Donostian ere. Teknologia hori garatzeko eta aplikatzeko modua garrantzitsua izango da, baita ere gizakion bizi kalitatea hobetzeko, eta erronka etiko eta juridikoak konpontzeko.


