Ez larritu, Arkonada gurekin dugu
50 urte bete dira Luis Miguel Arkonada atezain donostiarrak Realarekin debuta egin zuenetik. 1975eko urriaren 22an izan zen, Atotxa zaharrean, Liverpoolen kontra. Txuri-urdinek galdu egin zuten UEFA kopako final-hamaseirenetako joaneko partida hura.
Arkonadaren debutean parte hartu zuten jokalarien hamaikakoa.Reala Golik egin gabe ezin da partidarik irabazi. Aldiz, golik jaso gabe, galtzea ez da posible. Horregatik, ezinbestekoa da atea hutsean uztea, besteak beste, garaipenaren bidea errazten duelako. Ateak zaindari ona badu, are errazago. Realak atezain onak izan ditu bere historian, baina esanguratsuena Luis Miguel Arkonada Etxarri donostiarra da.
50 urte bete berri dira Arkonadak txuri-urdin gisa debuta egin zuenetik. 1975eko urriaren 22an izan zen, Atotxako futbol zelai zaharrean, eta UEFA kopako final-hamaseirenetako joaneko partida jokatu zuen. 21 urte baino ez zituen, eta arerio zaila izan zuen aurrez aurre: Liverpool talde indartsua —John Benjamin Toshack zen jokalarietako bat—. Hasierako hamaikakoa jokalari hauek osatu zuten: Gaztelu, Kortabarria, Murillo, Zamora, Uranga, Arkonada —argazkian, goian eta ezkerretik eskuinera—, Idigoras, Amas, Satrustegi, Urreisti eta Boronat —argazkian, behean eta ezkerretik eskuinera—.
Ingelesek aise menderatu zituzten donostiarrak (1-3), eta kanporaketa erabakita utzi zuten. Neurketaren emaitzaz harago, Arkonadaren ibilbide arrakastatsuaren abiapuntua izan zen.
Lorpenak eta garaikurrak
Realarekin 551 partida jokatu zituen, 1974 eta 1989 urteen artean. Guztira, bi liga, Espainiako Kopa bat eta Espainiako Superkopa bat irabazi zituen. Horrekin batera, hiru Zamora garaikur eskuratu zituen, ligan gol gutxien jaso zituen atezaina izan zelako.
Espainiako selekzioarekin, berriz, 68 neurketa jokatu zituen, eta jokalari garrantzitsuetako bat izan zen. 1978ko Argentinako eta 1982ko Espainiako Munduko Txapelketetan parte hartu zuen, baina lorpen aipagarririk gabe. Aldiz, txapeldunordea izan zen Frantziako 1984ko Eurokopan.
Aipaturiko palmares oparoa baino handiagoa da atezain donostiarraren legatua. Hain zuzen ere, debutaren 50. urteurrena dela eta, 2025-2026ko denboraldian Arkonadaren elastikoaren erreplika erabiltzen ari dira Realeko atezain guztiak: urdina, laranja edo berdea.
Bestalde, Arkonada da zale txuri-urdinek sorturiko lelo ahaztezinenaren jabea: «No pasa nada, tenemos a Arkonada». Berria egunkariak euskarara itzuli zuen esaldi esanguratsua: «Ez larritu, Arkonada gurekin dugu». Dena dela, egun larritzen diren zaleak lasaitzeko zein da jokalari aproposena, Mikel Oiartzabal?


