Idaztea ikasgaia baino askoz gehiago da Luberrin
Luberri Institutuko DBH1eko lau ikaslek liburu bat idatzi eta argitaratu zuten iaz. Marisa Arruabarrena irakasleren iniziatibaz izan zen, eta Dakit argitaletxeari esker argitaratu zuten ‘Miratze kanpina'.
Aiora Soraluze, Inge Amutxategi, Ilargi Egaña, Nahia Elorza eta Marisa Arruabarrena dira liburuaren egileak. Xalba Ramirez Kazetaritza ez da lanik harrigarriena. Leku batera joan, jendeari galderak egin, ikusi, entzun eta idaztea da, besterik ez. Ordea, arrazoi batengatik edo besteagatik, ez da oso ohikoa topatzea kazetari bat institutu batean. Halaxe, bada, Antiguako Luberri institutura sartu garenean, ezohikotasun bat ireki da pasilloetan barrena.
Marisa Arruabarrena idazle eta irakaslea da gure bisitaren arduradunetako bat. Hainbat ipuin liburu argitaratu dituela eta, ikasleei liburu bat argitaratzeko proposatu zien.
Halako batean, jolas orduan, ikasle talde bat hurbildu zitzaizkion, eta esan zioten haiek ere bazituztela ipuin batzuk edo beste. Eta erakusteko gogoz zeudela. Arruabarrenak, irakasle onak nola, hariari tiratu, eta DBH1eko lau neskekin taldetxoa sortu zuen iaz: Aiora Soraluze, Inge Amutxastegi, Ilargi Egaña eta Nahia Elorza.
‘Miratze kanpina’
«Hasieran, ez genekien liburua egingo genuenik», diote neskek. Arruabarrenak ezta ere. Hasieran, elkarrekin ikasteko espazio bat sortu zuten, besterik ez. «Ipuinak idazten hasi ziren, eta ez dakit zer pasatzen zen: pertsonaia guztiak hil nahi zituzten, edo zonbi bihurtu… Orduan, zerbait komunean zutela ikusita, elkarreraginezko nobela bat egitea proposatu nien», azaldu du irakasleak.
Istorio berri bat asmatu, eta hainbat abentura eta bukaera desberdin sortu behar izan zituzten lau neskek. «Ez dugu ados jarri behar izan; bueno, igual bukaerarekin pixka bat», azaldu dute. Izan ere, bakoitzak bi edo hiru bukaera ezberdin egin zituen, eta hor bai, apur bat moldatu behar izan zutela. Ipuinak ez ezik, marrazkiak ere egin dituzte, «norberak bere burua margotu eta guzti!».
Honela argitaratu zuten Miratze Kanpina. Neskak oso harro daude: «Gu izan gara Luberrin liburu bat argitaratu duten bakarrak!», diote, pozik. «Beste batek Koldo Mitxelena saria irabazi du». «Bai, baina horiek ez dira argitalpenak», azaldu du irakasleak. Beraz, bai, beraiek dira, oraingoz, Luberrin liburu bat argitaratu duten ikasle bakarrak.
Talde lana
«Dirutza» da liburua argitaratzea, eta sosak nondik atera pentsatzen aritu ziren, liburua aurreratuta zutenean. Arruabarrenak kontatu duenez, bihotzera heldu zitzaion unea izan zen neskak dirua nondik atera eztabaidatzen hasi zirenean: «Nik badut amonaren paga; familiakoei eskatuko diegu». Hori entzuterakoan, zuzendaritzara jo zuen, eta zuzendaritzak baietz, elkarrekin aterako zutela: «Horrelako gauza ederrekin aurrera!».
Behin liburua argitaratuta, gainera, hainbat azokatan ibili dira neskak, saldu eta saldu. «Hauek baino saltzaile hoberik ez dago», aitortu du Arruabarrenak: Hernani, Sara, Senpere, Urruña, Hondarribia… hainbat dira egin dituztenak eta egiteke dituztenak. Ez alferrik, liburuaren bigarren edizioa argitaratu dute dagoeneko!
Galdera, beraz, derrigorrezkoa da: urtero egingo duzue? «Ez dakit, oraingoz horiek saldu eta ikusiko dugu», diote, barrez. «Baina hasi gara pentsatzen zerbait: istorio honekin jarraitzea pentsatu dugu, baina denboran saltoak eginez». Aurrera doa, beraz, bigarren atala. Ereduari jarraituz, gainera, DBH2ko beste bi neska animatuko dira.
Behin liburua argitaratuta, gainera, hainbat azokatan ibili dira neskak, saldu eta saldu
Hezkuntza eredua
Luberriko zuzendaria den Alain Urizarrek azaldu duenez, «ezustean» jaio zen proiektua. Edonola ere, azken urteotan, hainbat dira martxan jarritako ildoak, eta koherentzia baten baitan ikusten du.
«Azken urteotan, irakaskuntzan aldaketa bat ari da gertatzen. Baina hau transatlantiko handi bat da, eta aldaketak gutxika goaz egiten gu», azaldu du. Honela, «bestelako edukiak» lantzeko aukera ematen dute gisa honetako proiektuek: «Batetik, argi dago, hizkuntza gaitasunak garatzea. Baina ez hori soilik: autonomia, talde lana, informazioa lortu, ardurak hartzea… Asko dira horrelako proiektu ‘txiki’ bati esker lantzen diren konpetentziak».
Argi dago, bestetik, ezin dela ikasle guztiekin berdina egin. «Ikasleen gogoetatik atera behar da», aitortu du Urizarrek. «Baina eredu eder bat dugu esku artean, eta badugu besterik sortzeko gogoa. Ea musikarekin», aurreratu du.
Oraingoz, idazle belaunaldi berri bat ari dira hezten Antiguan. Eta hezkuntza helburua den arren, bidea beste bat izan daiteke. Ezaguna da esaera zaharra: lagun onekin, orduak labur.



