Indarkeria gaztetatik identifikatzea, erronka
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, gazteei bereziki bideratutako 'Ez ikasi' kanpaina aurkeztu du udalak, jarrera sexistak desikasteko beharra nabarmenduz. Ildo beretik, neska gazteen jabetzerako gune bat ere badu Emakumeen Etxean.
Naiara Garate, udaleko Berdintasuna agentea.Maitane Aldanondo Aurre hartzeko lehenbailehen eragitea izaten da onena. Indarkeria matxista prebenitzeko, hortaz, gazteengan eragitea ezinbestekoa da, gainerako adin tarteak ahaztu gabe, noski. Udalaren Berdintasun atalak Ez ikasi lelodun kanpaina aurkeztu zuen joan den astean, ikasitakoarekin apurtu eta horri aurre egiteko ideiarekin. «Sistema eta gizarte patriarkal honetan hezten garenez, denok ikasten dugu, denok ditugu joera matxistak. Ez ikasi edo desikasi», zehaztu du Berdintasun teknikari Naiara Garatek. Gazteei bideratua dago bereziki, hein batean, kanpainaren ardura gazteek dutelako. Urteak dira Usandizaga Institutuko publizitate grafiko ikasleek garatzen dutela eta «duten profilagatik», maiz, gazteengan edo hezkuntza eremuan jartzen dute fokua.
«Identifikatzen ikastea» da gakoa, Garateren ustez. «Egunero edozein emakumek jasan dezakeen diskriminazioa edo mikromatxismoak nora hel daitezkeen eta zer diren. Identifikazio horretan jarri behar dugu fokua, behintzat, Hezkuntzan eta Gazterian». Indarkeria sotilagoa, eremu psikologian sartzen dena, kosta egiten da hasieran indarkeria matxista gisa identifikatzea: maitasuna, tradizioa, zeloak… eta horrek ahalbidetzen du indarkeria hori «barneratu eta normalizatzea», gero etor daitekeenari aurre egitea zailduz. Identifikatzeaz harago, «esatea eta sozializatzea» da gehien kostatzen dena; «lantaldean edo lagun artean hitz egitea bizitakoen inguruan».
Sareak ehundu
Emakumeen Etxea 2010ean zabaldu zutenetik, neska gazteen ahalduntzera bideratutako zerbitzu bat dute. Biluzik Mundura izena zuen sorburuan eta sexu aholkularitza zerbitzu bat zen, egun, jabetze tailer bat batu diote. 15 eta 20 urteko nerabeei zuzendua badago ere, gaztetxoagoak eta nagusiagoak ere joaten dira; baita gurasoak edota hezitzaileak ere. Izan ere, «gazte batzuek ez dute ikusten harreman kaltegarri batean daudenik, baina, agian, ingurukoek, lagunek edo gurasoek, bai». Astelehenero, 17:00etatik 20:00etara bitartean martxan da, Emakumeen Etxean. Hitzordua telefonoz, emailez edota Instagram bidez har daiteke, eta arretak ere ez dut zertan aurrez aurrekoa izan, telefonoz eta Instagram bidez ere galde daiteke.
Aholkularitza zerbitzuan askotan indarkeria matxista kasuak identifikatzen dituztela dio Garatek, baita zenbaitetan horri buruzko galderak egitera datozela ere neskatoak. Banakako edo taldeko aholkularitza izan daiteke eta talde lanera pasatzeko aukera dute. Bi astean behin elkartzen da taldea, asteartetan. Urte osoko programa bat da eta bertan askotariko gaiak lantzen dituzte, partaideen behar eta interesen arabera, betiere, harreman afektibo-sexual egoki batzuen alde, horiek identifikatu eta aurre egiteko lanketan. Oinarria hori bada ere, identitateari buruzko zalantzak, beldurrak eta ezjakintasunari buruzko galderak ere agertzen dira.
Partekatzeaz gain, gazteen artean sare bat sortzeko nahia ere badutela azaldu du Garatek. «Neska batzuk sare horren faltan daude, lagun edo kuadrilla faltan, eta taldean topatzen dituzte beraien antzekotasunak dituztenak. Harremanak egiteko eta jendea ezagutzeko aukera ematen die. Bakardadea lotzen dugu emakume helduekin, baina gazteak ere badaude isolatuta. Ikusi dugu hamabosteroko talde dinamika horrek laguntzen diela».
Aldaera berriak
Aldaketarik nabaritu duen galdetuta, indarkeria lehen ere hor bazegoela nabarmendu du teknikariak, eta handitu baino, «baliabideak aldatu zaizkiolako» aurpegi berriak dituela uste du. «Pornografiak edo sare sozialen erabilera eskasak beldur handiagoa ematen du, arinago doalako, bolumen handia hartzen duelako, eta horrek zaurgarritasun psikologikoa areagotzen du. Arriskuak beti egon dira eta egongo dira, uste dut horri erantzuteko tresnak landu behar ditugula».
Norabide horretan, bederatzi urte daramatza udaleko Berdintasun atalak Gazteriarekin elkarlanean Indarkeria Matxistak Nerabezaroan jardunaldiak antolatzen. «Aurten, mundu digitaleko arriskuek beldurra ematen digutela ikusi dugu, baita horri aurre egiteko baliabideak badaudela ere. Manosfera-ri aurre egiten eta erantzuten badaude gazte feminista prestatuak». Halaber, Hezkuntza atalak programa berezi batzuk gauzatzen ditu ikastetxeetan indarkeria matxistari aurre egiteko bai berdintasunari bai LGTBI komunitateari lotutako gaiak landuta.
Oro har, neska gazteak nola ikusten dituen galdetuta, «erresistentziarako eta erantzuteko bideak handitu egin direla» uste du; eta aldea nabari du salaketa kopurua handiagoan eta nesken erantzuna lehen baino onartuago egotean. Kontzientzia hartzeko beharra, aldiz, mutilengan atzematen du. «Nahiz eta eurak ez izan indarkeria eragiten dutenak, lagun bat badabil baboseatzen, geldiaraztea. Parekoen arteko lanketa ez badugu egiten, ez dugu lortuko. Etengabe gu gura erantzunaren erantzukizuna jasotzen dugunak».
Hobeto artatzeko protokolo bateratua
Udaleko Berdintasun sailak zerbitzuak, tailerrak, eta bestelako urte osoko lanketak egiten ditu, «zeharkakoa» da, beste atal batzuk ere gai hauek jorratzeko helburuz. Esaterako, Azaroaren 25eko kanpainaren jarduerak Gazteria atalaren bidez, haur txoko eta gazteleku guztietan egingo dituzte; eta Kontadoresek ildo bereizi bat du gai hauek lantzeko, «leku seguru» bihurtzea nahi baitute.
Gazteez harago, udal barrura begira ere aritzen dira. Hala, Gizarte Ekintza eta Udaltzaingoarekin batera protokolo bat sortuta dute indarkeria matxista kasuak «ondo artatu eta koordinatzeko». Atal bakoitzak bere lan ildoa du eta, gainera, koordinazio mahai bat dago. Berdintasun teknikari Naiara Garatek onartu duenez, «badaude hobetu beharrak, ez soilik udalean, baita aldundian, Osakidetzan… ere. Gure ideia da emakumeek zerbitzu ezberdinak eskatu beharrean, administrazioko sail edo erakundeek pibotatzea haien inguruan, behar dituzten zerbitzuak eskainiz. Unean behar dituen baliabideak aktibatzea, baina ez bera atez ate joanez». Eta erreparaziotik, nahiz eta «konplexua» dela aitortu. «Ez da erraza, emakume bik indarkeria bera jasanda, eragina ez da bera izango, hortaz, erreparaziorako bidea ere ez».
Protokoloa udal osoak ezagutu beharko balu ere, arreta zerbitzuetan indartzen da gehienbat. Garateren ustez, ikuspegi integralagoa falta da, biktima diren emakumeen seme-alabak edo beraien menpe dauden pertsonen kudeaketara heltzea. «Oraindik orain, tratu txarretan ere, gizonen eskubideak aurrean jartzen dira, adin txikiko horien eskubideak zentroan jarri beharrean».


