Euskararen ofizialtasuna «deseraikitzen» ari direla salatu dute
Elkarretaratze bikoitza egin dute gaur Donostian eta Bilbon, euskaraz lan egiteko eskubidearen alde eta oldarraldi euskarafoboaren aurka. Salatu dutenez, sententziaz sententzia “euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen” ari da botere judiziala. Sententzia arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea, gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea.
Esaterako, GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurkako sententzian bertan azaltzen da “euskaraz artatua izatea eskatzen duten herritarren herenari sistematikoki urratzen zaizkiola bere hizkuntza eskubideak eta gaztelaniaz aritzera behartzen zaiola”.
Euskalduntzeko aukera
“Epaileek hizkuntza-politikaren joko arauak aldatu dituzte eta jada arazoa ez da euskararen normalizazioan ezin dela aurrera egin, baizik eta orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan”, esan dute, beste behin ere euskalgintzako ordezkariek: “Euskararen desofizializazioa prozesu bat da hau eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago”.
Hau guztia, hain zuzen, administrazioa euskalduntzeko “aukera historikoa” dagoenean heldu da. Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarlanean administrazioa 15 urtean euskalduntzeko egindako proposamena nabarmendu dute: “Datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta inoizko belaunaldi euskaldunduena letorke hauen lekua hartzera”.
Gaineratu dutenez, “ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatuko duena”.
Honela, gogora arazi dute abenduaren 27an ekitaldi nazionala egingo dutela Bilbon.


