Reala da ligako bigarren talde onena
Txuri-urdinek Alhama menderatu dute Zubietan (3-1), eta Bartzelonaren atzetik bakarrik geratu dira sailkapen nagusian.
Nerea Eizagirre eta Lucia Pardo gol bat ospatzen, Zubietan.Reala Anoetan baino hobeto moldatzen dira, momentuz, Zubietako zelai berrian. Euskal derbiaren berdinketa gazi-gozoaren ondoren, Realeko neskek garaipen ona eskuratu zuten atzo. Txuri-urdinek Alhama talde lehiakorrari irabazi zioten (3-1), Emma Ramirezen, Nerea Eizagirre kapitainaren eta Edna Imaderen golekin. Laugarren bat egiteko aukera ere izan zuen Eizagirrek, baina penalti bat huts egin zuen. Garaipen honi esker, sailkapeneko bigarren postuaren jabe egin dira, 27 punturekin. Bartzelonaren atzetik, Reala da emakumezkoen ligako talde onena.
Realeko mutilek, berriz, susperraldiari jarraipena eman zioten larunbatean. Osasunaren kontrako euskal derbia irabazi zuten (1-3), bigarren zati oso ona jokatuta. Braisen eta Guedesen golak erabakigarriak izan ziren markagailua iraultzeko, baina golik ederrena Barrenetxeak egin zuen. Donostiarrak zelai erditik sartu zuen garaipena ziurtatu zuen hirugarren gola. Une honetan, txuri-urdinak jaitsiera postuetatik urrundu dira, eta Europa gertuago dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek oso sendo jarraitzen du. Sasoiko seigarren partida irabazi zuten atzo, Galizian, Baxi Ferrol mendean hartuta (66-71). Azu Muguruzak gidatzen duen taldea egonkorra eta maila onekoa da, eta lortzen ari diren emaitzak diren horren erakusle. Garaipenari esker, orain, sailkapen nagusiko laugarren tokian daude. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Fuenlabradaren pistan irabazi zuen partida oso ona jokatuta (70-87). Behar eta merezi zuten garaipena da.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek soilik jokatu ahal izan zuten asteburuan. Izan ere, argindarrik gabe geratu zen hainbat orduz Anoetako izotz pista, eta, ondorioz, bertan behera geratu zen mutilen taldearen eta Majadahondaren artekoa. Neskak, berriz, Gasteizen aritu ziren Tartalo azken sailkatuaren kontra, eta aise irabazi zuten (1-25). Sailkapeneko hirugarren posturaino igotzeko balio izan die.
Belar hockeyan, Realak Espainiako kopa jokatu ahal izango du, lehen itzuliko azken neurketa galdu arren. Txuri-urdinak ez ziren fin ibili Taburienteren zelaian, eta amore eman behar izan zuten (4-0). Zortzigarren postuan bukatu dute itzulia, eta sailkapeneko zortzi onenen artean jokatuko da kopa.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Reala 3 – Alhama 1
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Osasuna 1 – Reala 3
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Ferrol 66 – Ibaeta Basket 71
Gizonezkoen bigarren maila, 9. jardunaldia
- Fuenlabrada 70 – Gipuzkoa Basket 87
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Tartato 1 – Txuri Urdin 25
Gizonezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Txuri Urdin – Majadahonda (bertan behera)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Taburiente 4 – Reala 0


