«Matxismoa normalizatzen duten ideologiei, industriei eta enpresariei aurre egingo diegu»
Ehundik gora lagunek parte hartu dute Itaia emakumeen antolakunde sozialistak antolaturiko manifestazioan.
Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren manifestazioa, Parte Zaharrean.Inaxio Esnaola Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Donostiako Itaiak manifestazioa egin du Parte Zaharreko kaleetan barrena. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean, 18:30ak inguruan atera dira Bulebarretik, eta kalez kale ibili dira “Indarkeria matxistari aurre egin” eta “Erasorik ez, erantzunik gabe” gisako aldarriak oihukatuz.
Plaza Berrian bukatu dute martxa, eta udaletxe zaharreko arkupeetan egin dute bukaerako ekitaldia. “Gaur kalera atera gara indarkeria matxista amaitzeko antolatzearen beharrezkotasuna aldarrikatzera. Faxismoaren gorakadak emakume langileon kontrako ideiak eta jarrerak normalizatzea ekarri du”, salatu dute.
Indarkeria matxistaren aurrean antolatzeko beharra aldarrikatu dute: “Argi daukagu eraso ororen aurrean irmotasunez erantzungo dugula, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuko dugula eta matxismoa normalizatzen duten ideologiei, industriei eta enpresariei aurre egingo diegula”.


