Parte Zaharreko eta Erdialdeko ekitaldiak mugatuko ditu udalak, «elkarbizitza hobetzeko»
Hemendik aurrera, Parte Zaharrean ezingo da ekitaldi berririk egin, eta egiten diren beste batzuk lekualdatuko dituzte.
San Sebastian eguneko bandera igoera.Jon Xabier Zabala Donostiako Udalak neurriak hartuko ditu Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunen eta ekitaldi handien arteko “bizikidetza egokia” errazteko. Hain zuzen ere, bi auzo horietan eta inguruetan antolatzen diren ekitaldiak mugatuko ditu udalak. Era berean, egun egiten diren ekitaldi batzuk beste leku batzuetara eramango dituzte.
Jon Insausti alkateak erabakiaren arrazoiak eta xehetasunak eman ditu Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian: “Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunei entzun ondoren, inguru horretako ezohiko jarduerari buruzko txosten bat egin dugu, eta, emaitzak ikusita, neurriak hartuko ditugu horrelako gertakari errepikakorrek sortzen dituzten eragozpenak arintzeko”.
Donostia hainbat sektorerentzat “hiri erakargarria” dela esan du alkateak, eta aipaturiko zonaldean “oso maiz” azoka, tokiko produktuen merkatu, arte eta artisautza, filmaketa, erakusketa, emanaldi, kongresu eta manifestazioak egiten direla. “Horrek guztiak hiriaren berezko beharrizanei mesede egiten badie ere, espazio publikoan saturazio ondorioak eta herritarren bizikidetzaren garapen normalari eragiten dio”, azaldu du Insaustik.
Hori dela eta, ekitaldi horien antolaketan inplikatuta dauden udal sailek —Mugikortasuna, Udaltzaingoa, Dbus, Babes Zibila, Gune publikoa, Mantentze eta bide publikoak, Ingurumena, Donostia Kultura, Donostia Kirola…— bost jarraibide bete beharko dituzte.
Lehenik, “elkarrizketa irekia eta zintzoa” izan beharko da udal sailen eta erakunde antolatzaileen artean, ekitaldiak kokatzeko alternatibak identifikatzeko eta aplikatzeko. “Parte Zaharra eta Erdialdea ez diren auzoak lehenetsiko dituzte, eremu horietako inpaktuak murrizteko eta hiriko jardueren banaketa orekatua bultzatzeko”. Bigarrenik, ekitaldien ibilbideak Parte Zaharraren barrutik igarotzea saihestuko dute, eta ez dute ekitaldi berririk baimenduko auzo horretan. Hirugarrenik, lasterketen irteerak eta helmugak beste eremu batzuetara eramango dituzte.
Laugarrenik, ekitaldien hasierako ordutegiak aldatuko dituzte, batez ere, “garraio publikoari eta mugikortasunari” afekzioak gutxitzeko. Bosgarrenik, zarata gutxituko dute, “Ingurumen sailaren jarraibideei jarraituz eta soinu ekipoak edo megafonia instalatzea saihestuz eta kontrolatuz jendea bizi den lekuetatik igarotzean”.
Salbuespenak
Insaustik nabarmendu duenez, salbuespenak ezarri ahal izango dira soilik udalaren interes bereziko kasuetan, “gizarte, kirol eta kultur edo kultura sustraitze tradizionaleko ekimenak direlako, behar moduan justifikatuta”. Hirian “tokikotasuna duten ekitaldiak” daudela gaineratu du, eta eredu batzuk eman ditu: San Sebastian eguneko danborradak eta Behobia-Donostia lasterketa. “Horiek errespetatuko egingo dira”, adierazi du alkateak.


