Udalak 1,68 milioi bideratuko ditu lankidetzara eta gizarte heziketara
Donostiako udal gobernuan GKEen eta tokiko erakundeen 46 proiektu babestea onartu zuen hilaren 11n. Guztira, 1.688.372 euro bideratuko ditu Nazioarteko Lankidetza eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza proiektuak babestera.
Garapenerako lankidetzaren lerroan, 24 egitasmo lagunduko ditu, iaz baino hiru gehiago, 1.205.993,33 euroko aurrekontuarekin. Proiektu horien helburuak, besteak beste, komunitateak indartzea, emakumeak ahalduntzea, giza eskubideak defendatzea, elikadura-subiranotasuna eta ekonomia sozial eta solidarioa dira. Horien artean, udalak nabarmendu du Medicus Mundi Gipuzkoak tokiko liderren gaitasunak indartu eta emakume gazteen autonomia ekonomikoa sustatzeko xedez Nikaraguan duen proiektua.
Gizarte eraldaketarako sentsibilizazioaren eta hezkuntzaren lerroan, berriz, 22 proiektu babestuko ditu, 516.283 eurorekin. Hauen bidez, gizarte partaidetza, genero berdintasuna, giza eskubideak eta kontsumo arduratsua landuko dituzte. Udalaren ustez, aipagarria da Gipuzkoako Afrika Behar-Beharrezkoa 2025-2026 programa. Horren bidez, zinemaren, literaturaren, erakusketan eta hausnarketa espazioen bidez, herritar kritikoak eta konprometituak sustatu nahi ditu.
Iñigo Garcia Villanueva Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, “Donostia hiri solidarioa da, munduari irekia. Diru laguntza hauek beste lurralde batzuetako proiektu eraldatzaileak babesten dituzte, eta gure komunitatea bera indartzen dute. Pertsonekin egingo den lankidetza nahi dugu, eta ez pertsonentzat egiten dena, baita herritartasun aktiboa sustatuko duen hezkuntza ere, desberdinkeriak zalantzan jartzeko eta alternatibak eraikitzeko gai dena”.
