Xabier Anduaga tenore donostiarrak jasoko du 2026ko Urrezko Danborra
Xabier Anduaga tenore donostiarra.Iñigo Ibañez Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak 2026ko Urrezko Danborra Xabier Anduaga Martinez tenore donostiarrari ematea erabaki du. Donostiako herritarrek proposatutako 56 hautagaitzen artean eztabaidatu du batzordeak, eta saria zuzenean ematea erabaki du. Urrezko Danborra hurrengo San Sebastian egunean, 2026ko urtarrilaren 20an, jasoko du Anduagak, udal batzar aretoan.
Anduaga opera eta zarzuela tenorea da, eta munduan eskaera gehien dituen eta errespetatzen den tenoreetako bat bihurtu da. Nazioarteko errekonozimenduak ditu; hala nola, Pragan 2019an egindako Operalia lehiaketako operako zein zarzuelako lehen saria, eta International Opera Worlden lehen saria, 2020ko Abeslari Gazte Onenaren kategorian. Gainera, Opera Actual aldizkariaren saria jaso zuen, 2021eko interprete gazterik oparoena izateagatik, eta 2022an lehen errezitaldia eman zuen Zarzuela Antzokian, Giulio Zappa pianistak lagunduta.
Anduaga zortzi urterekin hasi zen Donostiako Orfeoian abesten, eta hamabost urterekin solista zen. Gainera, Musikene Goi Mailako Musika Eskolan ikasi zuen 2014tik 2018ra.


