Autobus bat, Mikel Zabalza oroitzeko
Ekitaldia egin dute goizean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean –bertan dago Zabalza oroitzeko udalak jarri zuen plaka–, eta oroitu dute gaia oraindik ez dagoela erabat argituta, erakundeek biktima gisa ofizialki aitortu duten arren.
Mikel Zabalza omentzeko autobusa, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean.Xalba Ramirez “Hemen ez dago gidaria. Non dago?”. Duela 40 urte, Donostiako autobus batek, pankartak jarrita, Mikel Zabalza lankide desagertuaren inguruko informazioa eskatu zuen. Guardia Zibilak atxilotu ostean, desagertu zen Zabalza, eta haren kideek salatutako torturek aurreikuspen okerrenak jarri zituzten mahai gainean. Gaur, autobus haren erreplika iritsi da Donostiara, eta bulebarrean egongo da Zabalzarentzat “egia, justizia eta erreparazioa” eskatzeko.
40 urte beteko dira aurten Espainiako Guardia Zibilak Mikel Zabalza (Orbaitzeta, Nafarroa) Altzako bizilagun eta Donostiako autobus gidaria, atxilotu eta torturapean hil zuenetik, eta, urteurrenaren bueltan, omenaldi berezia egingo diote, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, Dbuseko langileek, Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak antolatuta.
Zehazki, hemeretzi eguneko dinamika bat izango da, asteazken honetan (azaroak 26) hasi eta abenduaren 14an bukatuko dena, eta autobus ibiltari bat erdigune izango duena; 1985eko azaroaren 26an desagerrarazi zuen Guardia Zibilak Zabalza, eta abenduaren 15ean agertarazi zuen, Bidasoa ibaian.
Ekitaldia egin dute goizean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean –bertan dago Zabalza oroitzeko udalak jarri zuen plaka–, eta oroitu dute gaia oraindik ez dagoela erabat argituta, erakundeek biktima gisa ofizialki aitortu duten arren. “Sekretu ofizialen legea bezalako tortura eta tratu txarrak estaltzeko indarrean segitzen duten babes tresnak desagertu behar dira; Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak egia aitortu behar dute. Hau ezinbestekoa da justizia eta erreparazioari bidea ireki behar bazio. Zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko”.
Abenduaren 14ean azken ekitaldia
Hilaren 26tik 28ra, Donostiako Bulebarrean egongo da autobusa, eta hainbat egunez luzatuko den bidaia abiatuko du ondoren: Aezkoa, Erroibar, Auritz, Agoitz, Iruñea eta Bortziriak bisitatuko ditu, eta Altzan, Zabalzaren auzoan, ere geldialdia egingo du, abenduaren 11n (Larratxoko plazan).
Abenduaren 2an, tortura hizpide duen Arg(h)itzen dokumentala proiektatuko dute Altzako Tomasene Kultur Etxean, baita ondoren solasaldia egin ere. Eta, Tomasenen bertan, abenduaren 9an, Zabalzaren kasuari buruzko mahai ingurua egingo dute Pako Etxeberria mediku forentseak, Iñigo Iruin abokatuak eta Zabalzaren senide batzuek.
Azkenik, abenduaren 14an egingo dute urteurreneko ekitaldi nagusia, Donostiako Bulebarrean, 12:30ean. Aurretik, 11:45ean, Ategorrietatik Bulebarrera martxa antolatu dute. Donostiako eta beste hainbat herritako omenaldi ekitaldien inguruko informazio guztia hemen daukazue.


