Itxialdia egin dute Zurriolako langileek Jaurlaritzari lan akordioa betetzeko eskatuz
Zurriola ikastolako langileek itxialdiaren aurretik egindako elkarretaratzea, Grosen.Joseba Parron San Sebastian Protestan daude ikastoletako langileak. Itxialdia egin dute Zurriola ikastolako hogei bat langileek –irakasleak gehienak–, gaua bertan igaroaz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera salatzeko. Izan ere, salatu dutenez, 2023an sinatutako lan akordioa ez betetzea leporatu diote. Ikastola guztietan deituta zegoen arren mobilizazioa, Donostian, Zurriola ikastolan egin dute soilik.
LAB sindikatuak deituta egin dute protesta langileek, eta jakinarazi dutenez, hainbat dira Jaurlaritzak bete gabe dituen puntuak. Adierazi dute ikastoletako beharginen soldatak sare publikoko langileenekin parekatzea adostu zutela, baina Jaurlaritzak irakasleena parekatu duen arren, gainontzeko langileena oraindik ez duela egin.
LAB sindikatuko langileen ordezkaritzatik azaldu dutenez, “akordioa ez betetzeak eragin zuzena du langileen lan baldintzetan, izan ere Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio langile batzuen soldata parekatzeari, sinatutako akordioan parekatzea langile guztientzat izango zela adostu zuen arren”. Horregatik, ikastoletako langileen itxialdiok helburu bikoitza dute. “Hezkuntza Sailak langile guztientzat soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa egin dezan eskatzea, adostu zuen bezala”.
Lan baldintzei estuki lotua dagoela gogorarazi du aipatu sindikatuak, hezkuntza duina eskaini ahal izatea. Horregatik abiarazi dute protestaldia. “Herri honek behar duen Hezkuntza Sistemaren eraikuntzan jarraitu nahi dugu, eta zuen seme-alabei eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaintzen. Hori, langileen lan baldintzekin lotuta dago ezinbestean”.
Hezkuntza Sailak Akordio Laboralean jasotako konpromisoak bete arte borrokatuko direla iragarri dute. “Ikastoletako langileok borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte! Ez dugu borrokan etsiko, oraingoan itxialdian eta aurrerantzean ere beste ekintza batzuk burutuz.



