Raul Fuentesek bere tortura kasua berriz irekitzeko eskatu du
Euskal Herriko Torturatuen Sarearen Donostiako agerraldi baten artxiboko irudia. Raul Fuentes Villona euskal presoak bere tortura kasua berriz irekitzeko eskatu du, GEBehatokia Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez. Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak, maiatzean, Espainiako Estatuari aurpegiratu zion Fuentesen tortura salaketak ez ikertzea, eta horren harira dator presoaren oraingo eskaera: “Espainiak 90 egun zituen erabaki hori betetzeko neurriak hartzeko eta Torturaren Aurkako Batzordeari horren berri emateko, baina ez du halakorik egin. Torturatzaileak identifikatuta daude, eta haien izenak sumarioan jasota daude”, azaldu du GEBehatokiak. Fuentes bilbotarra da jaiotzez, baina Donostian erroldatuta dago eta Martuteneko espetxean zigorra betetzen ari da gaur egun.
Gogoratu behar da Espainiako Poliziak 1991ko ekainaren 6an atxilotu zuela Fuentes, ETArekin lotuta. Inkomunikatuta egon ondoren, GEBehatokiak gogorarazi duenez, “bortizki torturatu, jipoitu eta heriotza mehatxuak egin zizkiotela argudiatu zuen. Tratu horren ondorioz, hainbat lesio zituen, eskuko hatzetako parestesia bat barne, sarekada horretan atxilotutako beste pertsona batzuei ere aplikatu zieten tratu txarren metodo berezi batetik eratorria: atzamarren artean tartekatutako arkatz bat sartzen zuten, eta indarrez presionatzen zituzten, min handia eragiteaz gain, praktika horrekin bateragarriak diren markak eraginez”.
1991n bertan salatu zuen Fuentesek torturak jasan zituela, eta 2018an aurkeztu zuen torturagatiko salaketa formala; berehala artxibatu zuten, ordea, gertakarien preskripzioagatik. 2020an, Torturaren Aurkako Mundu Erakundearen laguntzarekin, kasuari buruzko kexak aurkeztu zituzten aipaturiko NBEren batzordean, eta erakunde horrek Espainia zigortu zuen, besteak beste, gogoraraziz tortura delituak ez direla preskribatzen. “Ebazpen honek garrantzi berezia hartzen du, ezartzen baitu preskripzioa ezin dela argudiatu tortura kasuak judizialki ez ikertzeko”, nabarmendu du GEBehatokiak: “Funtsezko argudio juridikoa da Pello Alcantarilla eta Iratxe Sorzabalen kasuak berriro irekitzeko eskaeretan ere”.
Ildo horretatik, “estatuaren biktimen egia, justizia eta erreparazio prozesua ez da geldoa izaten ari, betierekoa baizik. Hamarkadak behar izan dira negazionismoa gainditzeko eta gaur egun tortura salaketen egia bere egiten duen adostasuna eraikitzeko”, gaineratu du GEBehatokiak. Era berean, gogorarazi dute 5.379 tortura kasu daudela aitortuta egun Hego Euskal Herrian. Horrela, “ezinbestekotzat” jo dute “Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza, estatuko giza eskubideen urraketa larrien biktimei justizia emateak dakarren erronka izugarriari aurre egiteko”: “Aukerak irekitzen ari dira eta erakundeek maila eman behar dute”.


