Raul Fuentesen tortura salaketak ez ikertzea aurpegiratu dio NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiari

Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiari gogorarazi dio nazioarteko legediaren arabera tortura delituek ez dutela preskribatzen. Raul Fuentes euskal presoaren 1991ko tortura salaketen harira ondu du txostena batzordeak, eta Espainiari aurpegiratu dio torturak ez ikertu izana, baita salatu ere salaketa artxibatu zutela preskribatuta zegoela argudiatuta. Fuentes bilbotarra da jaiotzez, baina Donostian erroldatuta dago eta Martuteneko espetxean zigorra betetzen ari da gaur egun.
Ez da lehenengo aldia batzorde horrek Espainiari torturak ez ikertzea aurpegiratzen diola, baina Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak azaldu duenez, berezitasuna da torturek preskribitzen ez dutela berretsi izana: “Espainiako justiziak preskribatutzat jotzen dituen kasuak aitzakiarik gabe ikertu beharko lirateke”.
Besteak beste, torturen eta bestelako tratu eta zigor krudel, gizagabe edo umiliagarrien kontrako hitzarmeneko hamalaugarren artikulua aipatzen du batzordeak bere txostenean. Horren bidez, dio auzia ixteko preskripzioa argudiatzeak ez duela bat egiten torturaren biktimek “erreparazioa eta ordain justu eta egoki bat” jasotzeko duten eskubidearekin.