'Amets hegalariak' film laburra ikusgai izango da Durangoko Azokan
'Amets Hegalariak' filmeko fotograma bat.'Amets Hegalariak' Iazko irailean Le Bukowski tabernan aurkeztu eta martxoan Aquariumean estreinatu ondoren, Durangoko Azokan proiektatuko dute Arrate Fernandez Itxasok (Andoain-Donostia, 1973) zuzendu eta ekoitzitako Amets hegalariak film laburra. Zehazki, Irudieneako Zugaza zinema aretoan ikusteko aukera izango da abenduaren 5ean, 14:30ean. Fikziozko istorio batetik tiraka, hainbat pertsonaien arteko harremanak eta beraien joan-etorri emozionalak kontatzen ditu lanak, tartean, bullying-a eta suizidioa, modu gordinean.
Garazi eta Mikel, Maitane eta Unax ezkonduta daude. Garazi dantzaria da, Maitanek ardogintzatik jasotako upeltegi familiarra mantentzen du, Mikel nekazaria da eta Unaxek diziplinarteko artista da. Euren bizitzak erabat eraldatuko dituzte ezustekoek eta iraganeko mamuei agur esateko ordua helduko zaie.
Protagonisten azalean aritu dira Jon Plazaola, Arkaitz Gartziandia, Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz de Galarreta. Tytti Thusbergh diseinatzailearen moda jasangarria baliatu dute eta modelo gisa agertzen dira Amaia Lizarralde, Olatz Beobide, Belen Cruz, Dorleta Urretabizkaia. Halaber, Eñaut Gantxegi edota Asier Hernandez ere agertzen dira lanean.


