Harri murri zapero
Adimen artifiziala. Aurrekoan, sare sozial batean denbora galtzen ari nintzela, post batek atentzioa eman zidan: idazkera zurruna, ohikoak ez diren egitura gramatikalak, emoji-en gehiegizko erabilera… Adimen artifizial (AA) sortzaile batek sortutako testua, dudarik gabe. Baina hementxe koska: euskara jatorrean! Bejondeigula, euskara ere teknologia berrien olatuan igo da eta!
Denok ezagutzen dugu AAk eta txat estiloko hizkuntza ereduek azken urtetan sortu duten booma. Eta duela ez askora arte zalantzan jartzen bazen ere, hizkuntza txikietan hitz egiteko gaitasun harrigarriak dituzte gaur egungo eredu askok.
Esan ohi da misterioa ez dela euskara nondik datorren, gaur arte nola demontre iraun duen baizik. Ziurrenik euskaldunak historikoki mendi artean ezkutatutako burugogor eta txaposo batzuk izan garelako, baina hori esan beharrean misterioa mantenduko dut. Garbi dago esfortzu handia egiten dugula euskara mantentzearen alde, eta horri esker heldu garela gaurdaino, aro digitalera.
Egia esan, euskarak urteak daramatza teknologia berrien artean. Duen hiztun kopuruarentzako oso digitalizatuta baitago euskara. Adibidez, hiztun kopuruaren araberako zerrendan euskara 350. postu inguruan egon arren, euskarazko Wikipedia, beste hizkuntzetakoekin alderatuta, 38. handiena da! Horrek digitalizazioarekin dugun konpromisoa erakusten du? Baliteke. Bigarren hezkuntzako irakasleak tematuta zeudela ikasleei Wikipediako artikuluak sortzeko eskatzearekin? Baita ere.
Zer egingo dute, ordea, bigarren hezkuntzako irakasle gaixoek orain? Zer egingo dute, artikulu bat sortzeko ez bada esfortzurik behar? Adimen artifizial horietako batengana jo, gai bat eskatu, eta prast! Artikulua egina. Edo are errazago, zergatik ez dugu ingelesezko Wikipedia osoa automatikoki itzuli eta euskaraz jartzen, eh? 38. postutik podiumea zuzenean! Erabat automatizatutako luxuzko hizkuntza baliabideak, denon eskura. Bejondeigula, berriro.
Nik, AA erabilita, Mitoaroa-ri (ikuskizun sailari) buruzko Wikipediako artikulua sor dezaket. Gero beste bat, espezifikoagoa, Mitoaroa I-entzat, beste bat Mitoaroa II-rentzat eta, azkenik, Mitoaroa III-rentzat (bai, oraindik gertatu ez den horrentzat). Ah! Antza denez, horiek idatzita daude dagoeneko. Baina lasai, IV, V eta VI idazteke daude eta oraintxe bertan jarriko naiz horretan.
Ez, lasai. Ez dizuet esan, baina Wikipediak baditu irizpideak automatikoki sortutako artikuluak identifikatu eta baldintza zorrotz batzuk betetzera behartzeko. Akabo, Mitoaroa IV-V-VI. Akabo, erabat automatizatutako luxuzko hizkuntza baliabideak.
Gauza berbera behin eta berriz murtxikatu eta orri gainean oka egitea bezala. Eta hala deitu diote, ‘AI slop’. Balio nutrizional baxuko papila
Baina toki gehienetan ez dago halako irizpiderik. Inork ez dio esango nik ikusi nuen post-aren egileari ez datorrela gidalerroekin bat. Eta inork ezin nau geratu online aldizkari bat hasi nahi badut, eta egunero AAk sortutako pare bat artikulu publikatzen badut bertan. Bai, agian idazkera zurrun samarra da, eta agian hitz ordena ezohikoa, eta baliteke emoji-en erabilera arduragabea izatea… Baina Chorizo Palacios–en iragarki bat gehitu dezaket eta norbaitek web orrian klik egiten duen bakoitzean zentimo hamarren bat irabazi… Badakit ez dirudiela asko, baina hori da bisio enpresariala falta duzuelako.
Txantxak alde batera, ikerketa berri batek adierazi du azken urtean Interneten publikatu diren artikuluen %52a adimen artifizialek sortutakoa dela. Erdia baino gehiago! Eta zer esanik ez sare sozial batzuetan. Ez dute ekarpen berririk, gauza berbera behin eta berriz murtxikatu eta orri gainean oka egitea bezala. Eta hala deitu diote, AI slop —adimen artifizialaren zaperoa. Balio nutrizional baxuko papila. Internauten txerri-jana.
Litekeena da zapero hori gure hizkuntzara ez zabaltzea. Azken finean, eduki mota horrek helburu ekonomikoa du: ahalik eta klik gehien lortu, iragarkiak jarri, publizitatea egin, sosak atera. Eskala handian. Eta gu, Wikipedia ederra dugun arren, ez gara horrenbeste.
Euskaraz ez bada ere, beste hizkuntza edo forma batzuekin helduko zaigu automatikoki sortutako edukia. Mundu birtualetik mundu errealera pasako dira: marrazki, abesti edota liburu itxuran. Batzuetan jabetuko gara aurrean duguna makina batek sortua izan dela, beste batzuetan ez.
Automatikoki sortutako artikuluen inguruan, Wikipediako irizpideek batez ere edukiaren egiazkotasuna eta fidagarritasuna aipatzen dituzte. Baina sorkuntza automatikoak, egiazkoa eta fidagarria izango balitz ere, baditu bestelako kalte ordainak. Norbaitek zerbait sortzeko ez dio ondokoari galdetu beharko. Ez du ideia bat buruan pil-pilean edukiko. Ez du hanka sartu eta zuzenduko. Ez du, lehen aldiz, arkatzik edo musika tresnarik hartu beharko. Eta hori pena bat da.
Eta aizu, nik ere tarteka atsegin dut zapero pixka bat, neurrian. Baina enpatxua sentitzen hasten naizenean lagunengana noa berriketan aritzera, eta pasatu egiten zait. •


