Nork egiten du hizkuntza politika?
Oldarraldi euskarafoboa, lan eskaintza publikoen deialdiak bertan behera uzten dituzten epaiak, euskara lehenesteko oztopoak... Gero eta gehiago errepikatzen doazen neurri judizialek, hamarkadetan luzatu diren euskararen normalizazioan sakontzeko urratsak gelditu dituzte. Hortaz, udalek eta administrazioek ba al dute euskararen alde egiterik ala botere judizialak du azken hitza?
Donostiako justizia jauregia. Tantaz tanta olatua sortzen den moduan, azken urteotan bata bestearen atzetik etorritako euskararen normalizazioaren aurkako epaiak oldarraldi bilakatu dira. Euskararen aldeko urratsak zalantzan jarri dituzte eta oraintsu arte onargarria zena neurriz kanpoko egin. Alegia, epaileek hizkuntza politikaren joko arauak aldatu dituzte. Euskararen aurkako sententzia horiek azaldu eta administrazioaren jardunaren legezkotasunari buruz galdetzeko, IRUTXULOKO HITZAk Iñigo Urrutia Libarona (Maruri, Bizkaia, 1966) jurista eta eskubide linguistikoetan adituarengana jo du.
Administrazio publikoen «ardatza» Eusko Legebiltzarrak 1982ko azaroaren 24an onartu zuen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea da. «Gutxiengoen ikuspegitik pentsatutako lege bat da», zehaztu du Urrutiak, eta normalizazioa «modu simetrikoan» planteatzen du: euskarazko eta gaztelerazko telebista kate bana; Hezkuntzan, A eta D eredua; funtzionario batzuk euskaldunak eta beste batzuk ez…
Bertan ezartzen denez, euskara jakitea nahitaezkoa izango da lanpostu batzuetan soilik, alegia, euskararen nahitaezkotasuna «salbuespena» litzateke. Hala, administrazio bakoitzak bere lanpostuak zerrendatzean zehaztu behar du horietako zeinek izango duen hizkuntza eskakizuna. Horretarako, hizkuntza eskakizunen dekretuek irizpideak ematen dituzte, eta horietako bat da derrigortasun indizea. «Polinomio matematiko bat da», azaldu du Urrutiak, «administrazio horren lurralde esparruan euskaldunon portzentajea gehi ia euskaldunen portzentajearen erdia, hori izango litzateke indizea». Esaterako, Donostian euskaldunak %40 badira eta ia euskaldunak %20, polinomioaren arabera, lanpostuen %50ean hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa da.
Oraintsu arte, ordea, administrazioek hortik gora egin zezaketela ulertu izan da eta jurisprudentziak ere hala egin du. Gogoan du Urrutiak 1980ko hamarkada «nahiko liskartsua» izan zela lanpostu gehienetan euskara eskatzea «gatazkatsua» zelako, baina 1990eko hamarkadatik aurrera «baretu» zela. Duela hiruzpalau urtera arte «funtzionatu» du, hain zuzen ere, epaileek interpretazio berri bat egin duten arte.
Irakurketak eta argudioak
Edozer dela euskararen normalizaziorako araubideak dioena, enplegu publikorako eskaintza (EPE) batean euskara behar duten lanpostuak gehiago badira, «diskriminaziotzat» jotzen dute epaileek. Alegia, «zokoratu egiten dute EAEko legedia, eta euskararen aldeko edozein desoreka badago, deialdiak deuseztatzen dituzte», argitu du Urrutiak. Hori babesteko, epaileek Espainiako Konstituzioaren berdintasun printzipioaren irakurketa «erabat formala» ezartzen dute, ez euskaldunen eskubideak urratzen dituztela argudiatuz.
Juristaren esanetan, horrek «juridikoki ez du logikarik». Batetik, legeak aitortzen ez duen euskara jakin gabe zerbitzari publiko izateko eskubidea «zeharka» onartzen dute epaileek. Bestetik, funtzio publikorako eskubidea Konstituzioak bermatzen du, baina, betiere, legegileak ezartzen dituen baldintzak betez, eta hain zuzen ere, «hori da zokoratzen ari direna». Alegia, aztertzen da hautagaiek «gaitasun nahikorik» duten, ez soilik arlo teknikoetan, baita gainerako eskakizunetan ere.
Arrazoitu duenez, erdaldunak ezin dira «zaurgarritzat» edo «gutxiengo babestutzat jo». «Literatura feminista apur bat irakurri duenak segituan harrapatuko du honen logika: pribilegio batzuk galtzearen beldurra eta horren aurrean freno bat jartzea». Urrutiak argi du Euskal Herrian benetako talde pribilegiatua euskararik ez dakitenak direla, eta ondorioz, neurri positiboak euskaldunen alde izan beharko lirateke.
Maiz baliatu den hizkuntza eta lan eskubideen arteko dikotomia «faltsua» dela dio legelariak, plano berean ez daudelako. Lan egiteko eskubidea «gaitasun eta merituen» araberakoa da, eta dituztenei bermatu behar zaie berdintasuna; baina ez dituztenek ezin dute eskatu. «Gaitasunik gabe ez dago funtzionario izaterik edo lan kontratupeko izaterik administrazioarentzat». Esaterako, Europako Batasunaren administrazioan beharrezkoa da ingelesa, frantsesa eta hirugarren hizkuntza bat jakitea. «Ezin daiteke esan Europako Batasunak diskriminatzen duenik hiru hizkuntza nagusiak ez dituena. Hori pentsaezina da Europan, administrazioak zenbait hizkuntzatan funtzionatu behar duelako».
Euskalduntzearen ajeak
Argudioei dagokienean, sententziek «kalitate juridiko oso eskasa» dutela baieztatu du Urrutiak. Ezaguna denetako bat Gasteizko administrazioarekiko 3. epaitegiak 2021eko abenduan emandako epaian erabilitakoa da: euskara munduko hizkuntza zailenetakoa da. Halakoetan norberaren trebetasun eta ezaugarriek pisua badute ere, ez dira gutxi ikastea lortu dutenak. Donostiarekin lotura duten bi epai nagusiak Udaltzaingoari eta aldundiaren menpe dagoen Uliazpiri lotuak izan dira. Hain zuzen ere, zerbitzu horietako langileak dira Diego Simons Sukuntza (Amara, 1981) eta Susana Ongay Olmos (Iruñea, 1975). Biek euskalduntze prozesu bat burutu dute eta C2 eta C1 euskara maila dute egun, hurrenez hurren; abiapuntua, baina, bestelakoa dute.
Simons 3 urterekin hasi zen euskara ikasten, B ereduan, baina soilik ikastetxean erabiltzen zuen, ez lagunartean, ezta etxean ere, nahiz eta nabarmendu ama goizuetarra duela. «Berak 6 urterekin ez zekien erdaraz, eta egun, kontrakoa, ez da moldatzen euskaraz». Ongayren gurasoak Zumarragan bizi izan ziren eta senide euskaldunak baditu ere, txikitatik Logroñon bizi izan zen. Oporraldietan Euskal Herrira zetorrenean hitzak ikasten eta erabiltzen saiatzen zen, euskarak erakartzen baitzuen; eta ondoren, Psikologia ikastera etorri zen. Hirugarren ikasturtean euskaltegian izena eman zuen eta pare bat urtez aritu ondoren, Logroñora bueltatzean utzi zion ikasteari. Duela 20 bat urte, unibertsitate garaian ezagutu zuen senarra eta biak Altzara bizitzera etortzean, berriro ekitea erabaki zuen.

Aurrera egitea, hauspo
Sektore publikoan lan egitea izan da euskaran sakontzeko arrazoia. Simons 2000. urtean sartu zen Udaltzaingora, euskara maila «normala» zuen, B2 profila behar zuen eta gainditu zuen. Agente gisa lanean hasi zenean jabetu zen aurrera egiteko C1 beharko zuela, beraz, barneratu zuen noizbait ahalegina egin beharko zuela. «Dena poltsan sartuta, euskara jorratu behar duzun beste gai bat da», eta hala egin zuen ere ez zituen unibertsitate ikasketak osatuta. Agente, agente lehena eta ofizialorde izan ondoren, ofizial izateko C1 behar zuen, eta komisario izateko C2 beharko du. Duela bi urte gainditu zuen azken hori, «etorkizunerako».
Amaratarrak bere ibilbidea hasi baino ia hamarkada geroago, 2009an, Ongay zaintzaile gisa lanean hasi zen Uliazpin. Egun, B2 eskatzen badiete ere, artean behar zuen B1 maila gainditu zuen. Lanik egiten ez bazuen, «kenduko» ziotela eta, B2a eskuratu zuen; eta hori zuela, C1a eduki arte jarraitzea erabaki zuen. Gobernatzaile postua atera zuen Auzitegi Nagusiaren 2023ko otsaileko epaiak bertan behera utzitako lan eskaintza publikoan. Oraindik ez daki aldundiak nola jokatuko duen, baina lortutako lanpostu horretan oinarrituta, barne promozioan psikologoarena lortu du. Egun, unitate arduradunetako bat da eta adin txikikoen pisua eta atsedeneko zerbitzua daramatza.
Lantokiko hizkuntza
Biek izan dituzte erraztasunak euskara ikasteko. Doakotasunaz gain, ordu kredituak ere izan ditu Simonsek, hau da, lanordu gisa trukatu dizkiote euskaltegiko orduak, C2 mailarako ikasi zuenean izan ezik, bere lanpostuaren eskakizuna ez zelako. Ongayk ez zuen halakorik izan lanpostu finkorik ez zuelako. Hamar bat urteko bidea izan dela dio altzatarrak. B1 «nahiko erraza» suertatu bazitzaion, B2ra «salto handia» nabaritu zuen, «hori kosta zitzaidan». Udaltzainak, berriz, B2tik C1era saltoa urte eta erdian egin bazuen, C2 lortzea sei bat ikasturte, oposizio bat tarteko. «Jauzi izugarria nabaritu nuen. Testuak idaztea… Ni zenbakietakoa naiz. Gogorra izan zen», aitortu du.
Lanean egiten duten euskararen erabilerari buruz galdetuta, altzatarrak honakoa dio: «Zaintzaile guztiak euskaldunak dira eta normalean euskaraz hitz egiten dugu. Batzuetan, zailtasunak ditut jarraitzeko edo dena euskaraz idazteko, baina haiek ia dena euskaraz egiten dute». Baita erabiltzaileekin ere, «nahiz eta haiek agian erdaraz erantzun, ulertzen dute». Udaltzaingoan ere lankideen artean gero eta gehiago erabiltzen dutela nabari du Simonsek, eta daramaten martxa «beharko lukeena» ez bada ere, aurrerapausoak egiten ari direla. «Oztopoa» legeak, zerbitzuak eta hitz teknikoak erdaraz jakitea da. «Horiek euskaratzea zaila egiten zaigu. Hori bada muga. Euskaraz hasten gara, baina zenbait hitz zehatz erdaraz dakizkigunez, nahi gabe salto egiten dugu». Duela bost-hamar urte lanegunaren %5 euskaraz egiten bazuen, egun, «ahalegin handirik egin gabe» %30 bueltan da. «Hiruzpalau urtez hona, nabaritu dut jauzia, kideon artean askoz gehiago erabiltzen dugu. Onartu edo aldarrikatu behar dugu. Euskara ezagutzen dugunok gero eta kontzientziatuago gaude. Gaur egun lan hizkuntza izan daiteke, ez guztiekin, baina gero eta gehiago».

Abantaila gisa sentitzen dute euskaldunekin euskaraz egin ahal izatea. Simonsen hitzetan, «positibotzat jotzen dudan hurbiltasun bat ematen dit euskaldunokin tratuan. Adostasunera iristeko lagungarri izan daiteke, zenbaitek kalean ez zaitu hain arrotz ikusten… Alde positiboak izan baditu». Txanponak moduan, ifrentzua ere badu, noski. «Gaztelanian murgildutako gizarte honetan ez da batere erraza, oso bestelako hizkuntza delako. Pentsatzeko modua ere aldatu behar duzu». Ongayk ere bide beretik jo du. «Dena alderantziz da. Esaldiak, aditzak… Konplexua da, ez da hizkuntza erraza». Horri gehitu dizkio beldurrak. «Batzuetan, gaizki esateko beldurra daukazu. Gero eta gehiago jakin, beldur handiagoa», aitortu du.
Arreta ematen duten lanpostu guztiek, B2 behar dute, lan kontratu bat edukitzeko, ez, ordea, sartu edo ordezkapenak egiteko. Ados daude euskarazko arreta bermatzeko beharrean, zerbitzu publikoak diren heinean eta bi hizkuntza ofizial egonda. Simonsek nabarmendu du arin hitz egin, ulertu, normal aritzeko gai izan behar dutela langileek, eta agian hori dela eskatu beharrekoa, profila beharrean. Ongayk, berriz, beste betekizun baten moduan ikusten du. «Baldintza bat da. Medikua izateko Medikuntza ikasi behar duzun moduan, sektore publikoak hau eta beste eskatuko dizute, horien artean, euskara. Gure kasuan, adibidez, zaintzaile izateko gidabaimena behar duzu. Gidatzen txarra bazara, beste leku batean, agian, aukera duzu lan egiteko». Edonola, ezagutzen ditu saiatu arren eskakizuna betetzeko gai ez direnak, eta halakoetan irtenbideren bat bilatu beharko litzatekeela uste du, «baimen bereziren bat-edo».
Norabide berean bultza
Epaiak ugaritu izanaren atzean, normalizazioan «urrunegi» joan izanaren ideia atzematen du Urrutiak, eta hortaz, mugatu egin behar dela euskararen aldeko sustapen politika. Hori bultzatzen «inpultso politiko bat» nabari du, «interes korporatibo batzuk, bereziki, sindikatu batzuk», baita hemen dauden epaileak «erabat harbera» direla ere halako planteamenduei. «Konstituzio berarekin hau ez da gertatzen ez Katalunian ez Galizian». Are gehiago, Katalunian eta Galizian hizkuntza propioaren ezagutza «nahitaezkoa da lanpostu guztietan» eta «ez dago liskarrik».
Halaber, epaileen «irizpide ideologikoen» garrantziaren islatzat jo du Administrazio Auzigaietarako Salaren lehen sekzioa soilik izatea deialdi publikoak atzera botatzen ari dena, bigarren sekzioak, beste irakurketa bat egiten baitu. «Ez da legearen aplikazio zuzen bat, da interpretazio bat, zenbait epailek duten interpretazioa». Datozen urteei begira, arkitektura juridikoa «birpentsatzeko unea» dela sinetsita dago Urrutia eta soziolinguistika arlotik ere adierazi dute «inflexio puntua» dela, «denbora gutxian gora edo behera egingo dugula».
Erabaki judizial hauen ondorioz, euskararen normalizazio prozesua «blokeatuta» dago eta egoera inpultso sozial batek eragindako inpultso politiko batek soilik alda dezakeela uste du Urrutiak. Hor kokatzen da Euskalgintzaren Kontseiluaren Oldarralditik Indarraldira egitasmoa edota euskalgintzako zenbait eragile herritarren aktibaziorako egiten ari diren ahalegina. Esaterako, Bagerak auzoetan burutuko dituen kontzientziazio saioak.
Bultzada politikoari dagokionean, Euskararen Legearen erreformarako bi proposamen aurkeztu dituzte Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk, sententzietan islatzen ari den egoerari irtenbidea emateko. EAJren planteamendua da udal edo administrazio bakoitzak askatasuna izatea, «mugarik gabe», hizkuntza eskakizunak ezartzeko. EH Bilduk, berriz, egungo sistema iraultzea, hau da, nahitaezkoa izatea bi hizkuntza ofizialak jakitea, baina zenbait lanpostutarako hori malgutzea. Alegia, euskara jakin gabe sarbidea ahalbidetu, «kasu jakinetan eta ondo justifikatutako arrazoiengatik».
Bien «sendotasuna», ordea, ez da bera, Urrutiaren ustez. EAJrenak dakar administrazio bakoitzak proportzionaltasun azterketa egitea, eta hori «berrikusgarria» izan daiteke auzitegietan. EH Bildurenak, aldiz, definizio mailan arazoak izan ditzake, «gauzak hobeto definitu beharko lirateke», baina sendoagotzat du, Kataluniako eta Galiziako sistema hona ekartzen baitu. Hala ere, urrutirago jo behar dela babestu du Urrutiak: Euskararen Legea eta Nafarroako Vascuencearena moldatu behar dira hurrengo 40 urteei begira. «Nagusi izan behar duen hizkuntza, hizkuntza propioa da. Espazio batzuk, funtzio batzuk, bermatu behar zaizkio. Uste dut norabide horretan jarri beharko litzatekeela etorkizuneko planteamendua».
Oldarraldi judizialaren inguruko kontzientziazio saioak

Bagerak eta Kontseiluak oldarraldiaren aurka egindako manifestazio batetako irudia.Joseba Parron San Sebastian
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko langileok kontzientziazio saioak abiatuko ditugu oldarraldi judizialaren aurrean. Ostiral honetan hasita, kontzientziazio-saioen zikloa jarriko dugu martxan, euskararen normalizazioaren egoera larriaren aurrean herritarrak kontzientzia hartzera bideratuta.
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala agerian geratu da: epaitegiak, bata bestearen atzetik, administrazioak normalizazioa bermatzeko hartutako neurriak baliogabetzen ari dira. Ez da kasu isolatu bat, joera argi eta sistematikoa baizik. Eta joera horrek ondorio zuzenak ditu herritarrentzat.
Langileen hizkuntza gaitasunak arautzen dituen dekretuak zerbitzua euskaraz jasoko dela bermatu beharrean, erabakia administrazioaren borondatearen esku uztea ekarri du. Derrigortasun indizea ere sabai gisa interpretatzen hasi dira epaileak, eta horrek hizkuntza eskakizunak murriztu ditu. Deialdi publiko askotan, epaiek eta sindikatu batzuen helegiteek argudio bera darabilte: euskara eskatzea diskriminatzailea omen dela.
Euskararen normalizazioa ez da inoren aurkako borroka; herritar guztiak berdintasunez artatzeko baldintza demokratikoa da. Baina azken epaiek bestelako bidea egin dute: hizkuntza-eskubideak alboratu eta botere judizialaren interpretazioa gailendu da.
Gure saioen ardatz nagusia da azpimarratzea hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla eta ezin direla auzitan jarri. Auzoz auzo eskainiko ditugu saioak, herritarrengana modu zuzen eta zabalenean iristeko helburuarekin. Kontzientziazio saioak irekiak izango dira eta datozen asteetan zehaztuko dugu auzoetako egutegia.
- Amara Berri: Azaroak 28, 19:00etan, Ilunki Elkartean.
- Antigua: Abenduak 3, 18:30ean, Antiguotarrak Elkartean


