Svastika Donostian, euskal abertzaleen ikur?
Gaur egun, batzuei begiko mina egiten digun arren –beste batzuei ez, bistan da–, XX. mendearen hasieran, naziek erabili zuten svastika mundu osoan zehar zabaldu zen, oparotasunaren ikurraren forman. Euskal Herriko abertzaleek ere erabili zuten, euskaldunon eguzkiaren ikurra zelakoan. Hori bai, nazismoaren aurretik.
1933ko euskaldun, katalan eta galiziar abertzaleena arteko anaitasun jardunaldiak, 1933an. Irudian, Donostiako EAE-ANVren banderarekin, svastika duela.KUTXATEKA Historiara arrazista gisa pasatu den Sabino Arana Goirik, EAJren sortzaileak, garaiko aurreiritzi atzerakoiez gain, izan zituen ere hainbat bertute. Horietako bat izan zen euskal nortasuna modernizatzea, Europan zeuden nazionalismo burges aurrerakoien pare jartzeko. Horretarako asmatutako hamaika teorien artean izan ziren euskararen garbizaletasuna, alderdi modernoaren sorrera, folklorearen berreskuratze politikoa eta ikurrina, besteak beste.
Izan zen, ordea, XX. mendeko historian aurreikusi ezin zitekeen bestelako asmakizun bat: svastikaren erabilera. Aranak egindako ikerketetan –askotan, originalegia izateko bokazioz–, euskara eta euskararen herria, eguzkiaren herritik zetorrela «deskubritu» zuen. Eta, eguzkiaren ikur sakratutzat hartu zuen, svastika.
Svastika, euskaltzaleen ikur
Euskaltzale-Bazkuna deitzen zen Bilboko ikasle antolakunde batek jarri zuen modan svastika, 1916tik aurrera. Bilbo inguruan, pin hori eramatea proposatu zuten, euskal hiztunak bereizteko eta elkar ezagutzeko. Ahobizi eta belarriprest moduan, kasik. Hortik aurrera, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan izugarri zabaldu zen svastika.
EAJk bere ikur bihurtu zuen eta Jaungoikoa eta Lege Zaharrarekin batera ageri da logo, horma irudi, bandera eta mota guztietako euskarrietan. Ez hori soilik. Hainbat euskal enpresek ere bere egin zuten ikurra eta estolden tapak, plantxak, baxerak, pinak… Mota guztietako merchandising-a egin zen svastikarekin. EAJk bere ikur kultural gisa erabili zuen, baina are gehiago zabaldu zen. EAE-ANV lehenengo erakunde abertzale eta ezkertiarrak ere bere egin zuen ikurra. 1934tik 1936ra desagertu zen svastikaren erabilera Euskal Herritik, noski, nazien eraginagatik.

Bi emakume abertzale Hondarribian, 1930eko hamarkadan. Ikurrinaren goiko aldean dago svastika.Kutxateka
Baina, jarraitu aurretik, galdera bat: ba al du loturarik svastikak euskal ikur tradizionala den lauburuarekin?
Lauburua, ikur modernoa
Lauburua denok ezagutzen dugun ikurra da. Eta askorik kontatu digutenaren arabera, euskaldunon ikur zaharra da, kristautasunaren aurretik dagoena, zeruaren edo lau haizeen ikurra izan daitekeena. Batzuentzat, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak direla diote. Exploraciones Txo eta Asier Aguayo dibulgatzaileek argi eta garbi esaten dute: ez. Lauburua ez da izan baskoi paganoen ikurra eta ez zuen inolako sinbolismo ezagunik.
XVII. mendearen amaieran agertu zen egun lauburu gisa ezagutzen dugun gurutzea, batez ere, Lapurdi eta Nafarroa Behereko hilerrietan, «dekorazio moduan». Beste hainbat dekorazio elementurekin ageri da beti lauburua, eta ez du protagonismo gehiago hartzen. Argi dute bi ikertzaileek, ikur hura ikur paganoa balitz, ez litzatekeela, inolaz ere, hilerri kristau batean egongo, ez eta mantenduko ere mendeetan zehar. Egun ezagutzen dugun lauburua, gainera, oso antzekoak diren beste gurutze eta sinboloekin batera ageri da, eta aipatu gisan, ez dio inork inolako konnotazio politikorik eman. Eta, orduan, nola bihurtu da gaur egun den ikurra?
Svastikaren ordez, lauburua
Hain zuzen, svastikaren ordezko bihurtu zen lauburua. 1930. hamarkadaren erdialdera arte, euskal abertzaletasunean zabaldu zen, baina, baita ere, Mendebaldeko beste hainbat herrialdeetan. AEBetan Coca-Cola edariak marketin ikur gisa erabili zuen, esaterako. 1922an hartu zuen Alemaniako Alderdi Nazional-Sozialistak ikur moduan. Arraza arioaren ikurra zelakoan, batetik, baina bestetik, estetikoki oso indartsua eta ezaguna zelako.
Honela, bada, kasik bi hamarkadaz bizi izan ziren elkarrekin euskal abertzaletasuna, nazismoa eta bestelako marketin estrategiak ikur berarekin. Nazismoak indarra hartu eta bere benetako aurpegi faxista erakutsi zuenean, ordea, kolpetik kendu zuten haren erabilera. Zer esanik ez, Euskal Herrian, 1934-1936 garai gogorrean. Errotik ezabatu zen svastika zuzena, eta bertan tradizioa zuen lauburuagatik ordezkatu zen. Lehen aldiz hartu zuen, orduan, lauburuak esanahi politiko eta kultural berezia. Eta gaur arte.
Harrigarria da ikur batek hartu dezakeen indarra. Begira jo egiten du. Garai batean oparotasunaren ikur zena, egun, minarena eta bidegabekeriarena bihurtu da. Agian horixe izan da gizakiaren historia, orain arte.




