Dena prest 2026ko Mojo Workin' jaialdirako: Roy Ellis, J.P. Bimeni eta gehiago
2026ko martxoaren 6an eta 7an izango da hamahirugarren Mojo Workin' jaialdia. Sarrera solteak eta abonamenduak salgai daude dagoeneko.
Roy Ellis musikaria, kontzertu batean, abesten. Donostiako 2026ko Mojo Workin’ jaialdiak badauka data eta kartela. Martxoaren 6an (ostirala) eta 7an (larunbata) izango da (21:00), Egiako Dabadaba aretoan, reggae, soul eta rhythm & blues doinuak izango dira nagusi. Hain zuzen ere, Roy Ellis & Bandits Rocksteady Band eta Begoña Bang Matu & Orquesta Kingston arituko dira ostiralean, J.P. Bimeni & The Black Belts eta Anna Dukke larunbatean eta DJ saioak egongo dira bi egunetan kontzertuen ostean, 04:00ak arte.
Ostiralean, Ellis jamaikarra izango da kartelburua. Gaztetan gospela eta soula abesten aritu ostean, reggae musikan murgildu zen urteekin. Hainbat urteko geldialdi baten ostean, 2007an itzuli zen eszenatokietara, eta, ordutik, ia 80 urterekin, nekaezin jarraitzen du bere musika munduari eskaintzen. Aurretik, Begoña Bang Matu & Orquesta Kingston madrildarrak arituko dira, Spirit of 69 lana aurkezten.
Larunbatean, aldiz, soul eta rhythm & blues doinuak izango dira nagusi, J.P. Bimeni burundiarra kartelburu. Otis Redding soul abeslari historikoaren miresle handia da Bimeni, eta bere musikan asko nabaritzen da hori; Black Belts madrildarrak izango ditu bidelagun. Aurretik, Anna Dukke musikari gaztelarra arituko da, bere taldearekin. Blues, rhythm & blues eta rockabilly musikak ukitzen ditu Dukkek, zuzeneko indartsuak eskainiz.
Egun bakoitzerako sarrera solteak zein bi egunetarako abonamenduak salgai daude dagoeneko. Sarrera fisikoak Amara Berriko Art Cafe tabernan daude salgai —30 euroan solteak eta 52 euroan abonamenduak—, eta digitalak hemen, apur bat garestiago.
Hamahirugarrena
Gure Gauza elkarteak antolatzen du jaialdia, Arkaitz Kortabitarte Punko buru, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. 2010ean sortu zen, 1960ko hamarkadako Amerikako Estatu Batuetako rhythm & bluesa eta soula Donostiara ekartzeko helburuarekin, eta hori egin zuen 2019ra arte, etengabe handituz eta estilo horretako zaleen artean erreferente bihurtuz.
2020an, hamaikagarrenez egitekoak ziren, baina jaialdiaren asteburuan bertan konfinamendua ezarri zuten, koronabirusaren pandemiarengatik. Hori dela eta, bertan behera utzi zuten dena, eta horrek galera ekonomiko handiak eragin zizkien antolatzaileei. 2024an, ordea, jaialdi maitatua berreskuratu zuten, eta 2025ean ere egin zuten.



