Urrats berri bat egin du Bretxaren eraberritzeak
Ane Oiarbidek desestali du Arkoak fatxadako irudietako bat.Maitane Aldanondo Amaitu dira Bretxako Arkoak eraikinaren fatxadako lanak. Azokaren birmoldaketaren “azken pausoa” ikusi eta aurkeztera joan da goizean Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oiarbide. Estalita zegoen beirateetako bat desestali du, aurrerantzean fatxada apainduko duten zuri-beltzezko irudietako bat agerraraziz eta burututako zaharberritzea azoka historikoaren eraldaketa prozesuan “mugarri ikusgarria” dela adierazi du.
Donostiako Sustapenak iazko irailean abiarazitako kudeaketa integralaren barruan, Arkoak eraikinaren obra kontratua urtarrilaren 14an sinatu zuten eta lanak bederatzi egun geroago abiatu ziren, artean, fatxada horretan aurreikusia zegoen markesina jartzeko asmoz. Martxoan, ordea, elementu hori baztertu eta proiektua berraztertu zuten, jarduketa ageriko fatxada bihurtzeko, materialak eta soluzio teknikoak egituraketa berrira egokituta.
Era berean, fatxadako baoetarako irtenbidea ere berrikusi eta eraikinaren gainerakoan jarritakoaren antzeko arotzeria txertatzea erabaki zuten, eraikinaren estankotasuna bermatuz. Hala, fatxada berritu dute harrizko elementuen zaharberritzea eta eraikinaren kontserbazioa hobetzen dituzten itxitura berriak uztartuz. Horrez gain, garbiketa lanak gauzatu bitartean, behe solairuko pilareen eta kapitelen narriadura aurreikusitakoa baino handiagoa zela jabetuta, elementu kaltetuak kendu, egitura konpondu eta eragindako piezak harrilanezko berriekin ordezkatu dituzte, multzo osoaren jatorrizko itxura berreskuratuta. Oiarbidek nabarmendu duenez, lanak amaituta, Arkoak eraikinak ordarearekiko “irudi zainduagoa eta koherenteagoa du”.
Esku hartzea bi fasetan egin dute eta 545.010,70 euroko kostua izan du. Zehaztu dutenez, markesina kentzeak 300.000 euro baino gehiago aurreztea ekarri du.
Iragana eta oraina lotu
Beirateen gardentasun berriari onura ateratzeko, plazako fatxadako erakusleihoak Kutxa Fundazioa Fototekak utzitako irudi historikoen lagin batek jantziko ditu, “Bretxako irudi historikoa nolabait berreskuratuz”. Izan ere, erakusketa txiki iraunkor horrekin merkatuaren historiari “keinu bat” egin nahi diote, iragana eta oraina lotuz. “Kulturaren, bertako produktuaren eta talentuaren aldeko apustua partekatuko du herritarrekin, azokaren nortasuna eta hiriko eguneroko bizitzarekin izan duen lotura gogorarazteko”.
Arkoak eraikineko fatxada amaitzearekin beste pauso bat eman da eraldaketa horretan, eta orain azoka eta bere ingurunea hobetzeko jarduketekin jarraituko du aurrera. Horrela, proiektua amaierako fasean sartuko da, Bretxa azoka hiriko topagune, motor ekonomiko eta erreferente bihurtuz, historia, komunitatea eta etorkizuna batu dituen proiektu publiko bati esker. “Une erabakigarria” azken fasea martxan jartzeko, hurrengo eraikinean, Arrandegia eraikinaren lanei ekiteko. Hurrengo urratsa Arrandegia eraikinekoa da. Obrak lizitatua daude eta beheko solairuko esku hartzea udaberrian hastea espero dute, handizkariak eta baserritarrak datorren udazkenean bertan egon daitezen lanean. 12 milioi euroko inbertsioarekin merkatuaren berrikuntza integralaren azken fasea ahalbidetuko duena.
Donostia Sustapenak iaz hartu zuen bere gain azpiegituraren kudeaketa “eraikina zaindu, bere jarduera berreskuratu eta izan duen eginkizun sozial eta ekonomikoa nabarmentzeko” helburuekin. Oiarbidek nabarmendu duenez, “fatxadako obra egikaritzea posible izan da zenbait eragileren lan koordinatuari esker, eta Bretxako eraldaketa gidatzen ari den lankidetzaren “adibide argitzat” jo du. Udaleko Proiektu eta Obra departamentuak lizitazio, aldaketa eta jarraipen prozesuak lagundu du, Donostia Sustapenarekin lankidetzan, eta horrek esku hartzearen kalitatea areagotu du eta aurrerapauso bakoitza hiriaren beharrekin bat datorrela ziurtatzen du”.


